GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bilbon ez, baina inspirazioak lanean harrapatuko du Joseba Ezkurdia

Erdialdera finala ondo bideratuta zutela zirudien arren (15-11), pilatutako akatsek -15 bien artean- saririk gabe utzi zituen Peña eta Mariezkurrena.

Inspirazio falta lanarekin ordezkatu zuen Ezkurdiak. (LOIOLA | FOKU)

Pablo Picassok esana da, edo Malagako artista handiari egotzia da behintzat, «inspirazioa existitzen da, baina lanean harrapatu behar zaitu» esaldia eta, oraintxe ideiak argiegi ez dituen arren, halaxe harrapatuko du Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta lagun, udako lehen torneoa irabazi duen pilotaria. Ezker gantxoa izaten da normalean arbizuarraren sasoiaren termometrorik fidagarriena; funtzionatzen dionean da bereziki arriskutsua sakandarra eta Peña-Mariezkurrenaren aurka tanto bakarra egin zuen airez, baina bestelako dohainak ere badituela argi utzi zuen Bilboko Aste Nagusiko torneoko, aurten irabazi duten leheneko, finalean. Egungo atzelaririk onenen arteko lehia gogorrean, bera izan zen pilotakadarik gehien jo zituen pilotaria, lan zikin asko egin zion Zabaletari eta aurkariek erakutsi ez zuten ofizioak eman zien Bilboko garaipena (22-17).

Izan ere, olatu ona hartuta, partida eta feria ondo bideratua izan zuten Peñak eta Mariezkurrenak erdialdera, 11-15 aurreratuta, baina azkenerako bildutako akatsetan egon zen partidaren giltza; Aspekoek bost huts baino egin ez zituzten bitartean, Baikokoek 15 ere pilatu zituzten. Ikuskizunaren aldetik, urdinek egindakoak izan ziren, ziurrenik, gauzarik ikusgarrienak, baina Aspekoek beste fidagarritasun bat erakutsi zuten eta horrek asko balio du halako egunetan.

AKATSAK ERABAKIGARRI

Partidak oso lehen erdi orekatua izan zuen. Pilota bizi samarrak egon ziren Bizkaia pilotalekuan eta tarteka materialak pilotariei gain hartzen ziela zirudien arren, lau pilotariek abiadura handia ezarri zioten partidari. Atzean, eskuinez Mariezkurrenak gehiago agindu zuen, Zabaletari jarraitutasun apur bat falta izan zitzaion pilotak gozatzerakoan, baina etxarrendarrak ikaragarri ondo eutsi zion partidari ezkerrez.

Aurrean ere antzeko zerbait esan genezake; hasiera horretan Peña agian eraginkorrago aritu bazen ere, txokoan min handia egin zion Ezkurdiari; arbizuarra ere oldarkor aritu zen, jokoan sartzeko asmoz beti eta lanari inolako beldurrik gabe.

Markagailuan kostata egin ziren aldeak. Urdinak izan ziren lan erdietara heltzen lehenak eta orduantxe hautsi zen oreka hori, Peñak lortutako tanto eder bati esker hiru tantoko aldea lortuz (10-13). Baikoko bikotea partida euren aldera bideratzeko moduan zela zirudien (15-11), baina eurek sartu dituzte gorriak berriz ere lehian, egindako opariekin. Bolada luzean eraginkortasun handiarekin aritu ostean, tolosarra erabat okertu, eta pilatutako akatsek (asko tanto piloteatuenetan) asko leundu zien aurkariei garaipenerako bidea.