28 AOûT 2023 KOLABORAZIOA Bilintx eta beiramamuak Jose Ignazio ANSORENA MINER «Horra sei bertso/ kale garbitzaileari,/ zeina bere izenez/ dan Joxemari...» (Indalezio Bizkarrondo, «Bilintx»). Bilintxen txantxazko bertso hauek kalapita ederra sortu zuten XIX. mende erdiko Donostian. Tomas Gros enpresariak, auzoari izena eman zion horrek, zuen zaborrak biltzeko kontzesioa eta karrotik tiraka aritzen zen zaldiari jateko gutxi ematen zion. Bertso horien atzean kritika soziala zegoen: horrelako handi-mandiak bere diru gosea elikatzeko zaldia elikadurarik gabe uzten baitzuen. Donostiarrek ongi ulertu zuten mezua. Enpresariak eta familiartekoek ere bai: poeta agurtzeari utzi zioten. Flakoa izanagatik, zaborrak biltzeko hartuko genuke egun zaldia gurdiarekin, baita asto koskorra balitz ere. Haren ordez, besteen artean, Beiramamua aritzen da egunero gure auzoetan izua zabaltzen, dardara eragiten ume txiki, gazte, heldu eta zaharrengan. Alimaleko piztia da, tabernetako botilak bildu eta altxatu ondoren, tinpanoak urratzeko moduan goitik behera botatzen dituena. Joandakoan aulkitxoan zeramaten ume batek, kamioitzarra ikusitakoan, eskuak belarrietara eraman eta garrasi batean hasi zen: Kristalak! Kristalak! Demografia behera joango ez da ba! Tomas Gros aspaldi hil zen noski. Orain Lorontzioren konpainiak gobernatzen ditu mamu hauek. Langile gaixoak hortxe ibiltzen dira jendearen suzko begiradak jasotzen, korrika hesteak bota beharrean, hainbeste botila bildu eta puskatu ezinez. Trastea topatzen dudanean otoitz egiten dut: eraman ditzatela beiramamu guztiak Ukrainara; errusiar soldaduak beldurtzeko Leopard gerra-gurdiak baino eraginkorragoak izango dira eta hemen bake galanta utziko dute. Beiramamuaren ideia bera negargarria da. Erromako Klubak 1968. urtean eta beste erakunde askok ondoren garbi adierazi dute: erdia kontsumitu behar dugu, ahalik eta gehien berrerabili, besterik ezean birziklatu... Kontrakoan ari gara. Botilak berrerabili beharrean puskatu egiten ditugu. Kamioiek pintatua dute “ekoezdakit” goiburua, jardun ekologikoan ari direla inozoei sinetsarazteko. Hitzak ederrak, bihotza faltsu... Ematen duen tristura gainditzeko, inguratzen gaituzten turista-talde gidarien txisteak baino hoberik zaila. Bi ale. Plaza Berrian: «Hemen urtarrilaren 19an oholtza jartzen dute eta 00.00etan donostiarrek bertan ‘San Sebastian Martxa’ jotzen dute danborretan. Horrela hasten da Aste Nagusia». Amaigabeko obren Bretxan beste hau: «Donostian euskaraz oso gutxi egiten da. Baina baserritarrei erosteko euskaraz eginez gero, prezioak merkatu egiten dituzte». A ze tonto aurpegia geratu zitzaidan, nik beti euskaraz egin eta inoiz merkatu ez. Informazio txukunagoa eman behar genioke gure agintarien aburuz hain aberasgarri den eta orain dibertsifikatzen ari den turismo horri: gerra-turismoa dago, sumendiena, sutzarrena... Zenbat eta kalamitate handiagoa gertatu, hainbat eta gehiagok joan nahi izaten dute hara gertutik ikusteko. Eta arazoak sortuz gero, «ai, ama!» garrasika hasi, bila joan daitezen. Niri tonto aurpegia geratu, baina horiek ezinbestean tontoak dira. Berrietan, horrekin batera, aste baten atzetik bestean festen xehetasun guztiak kontatu dizkigute eta goraipatu. Pertsona multzo handiak artalde bihurturik eta denak errepikazio berberak esaten: hau munduan bakarra da, unikoa, ez dago kontatzerik, bizi egin behar da. Baionako Lehoi errege, sanferminetako txupinazoa, Zeledonen jaitsiera, Donostiako kanoikada, Marijaiaren piztuera eta ehundaka herrietakoak. Uniko gehiegi. Denak asaldatuta, eskuan garagardoa. Festak amaitzean, kirol lorpen epikoen ospakuntzak datoz. Kontua masak asaldura betean bizitzea da: gehiago kontsumitzen da eta exijentzia maila jaitsi egiten da. Egutegi ekologikoak dio planetaren urteko gastua abuztuaren 2an bukatu genuela. Eta aurretik zor ekologiko handia genuen. Ez zait iruditzen hainbeste festa erotarako gaudenik. Aldaketa izugarria behar dugu. Gizateria, ordea, soilik ohartu izan da arriskuaz hondamendia gainean zuenean. Ponpeiako sumendiarekin, esaterako. Oraindik nonbait ez dugu gainean, baina zantzuak badira. Laster denok kaka eginda, kaka egiteko denbora ematen badigu. Kontsumoaren demokrazia itxurazko hau pikutara bidali eta diktadura ezarriko digute. Espero dezagun diktadura ilustratua izatea behinik behin. Ziur oraingo populismo zikina baino hobea izango dela. Hala ere, isildu egingo naiz, Historiak ere erakusten duelako etorkizun beltzaren iragarleak herriek ez dituztela maite eta akabera txarra izaten dutela: Isaias profeta, Seneca, Tomas Becket... Ni askozaz eskasagoa izanik, atera kontuak. Ez ahaztu, mesedez, Beiramamu haurren munstroa kentzeko eskatzea. Kutsadura akustikoaren zaleek ez dute kezkatu behar, ordezkoak badira: adibidez, Piraten Elektrotxaranga. Kontua masak asaldura betean bizitzea da: gehiago kontsumitzen da eta exijentzia maila jaitsi egiten da betean bizitzea da: gehiago kontsumitzen da eta exijentzia maila jaitsi egiten da