GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gurea


Gurea Arrasateko zinema areto mitikoa da, filmez harago duen esanahiarengatik. Batetik, frankismo hondarrean Guardia Zibilak ke poto, gomazko pilota eta gas negar eragilearekin hustutako euskarazko kontzertuen egoitza zelako. Bestetik, okupatu ostean, herriko lehen gaztetxea bihurtu zelako.

Egun Gurea ez da existitzen, etxeak eraikiak baitira orubean. Handik berrehun metro eskasera dago, Herriko Plazan, Alai zinema baita ere abandonatua, duela bi hamarkada itxia, higiezin burbuilaren epelean. Indiana Jonesen bigarrena ikusi nuen bertan, beste askoren artean.

Areto hauek herriko bi hamarkada loriatsu baina era oso diferentean gogoratuen metaforatzat har litezke. Bata, Gurea, 80ko hamarkada super ezaguna da: punka, martxa eta borroka, RIP, heroina... Bestea, Alai, 90eko hamarkada koloretsu eta biziaren haragiztatzea izan liteke. Lehen hamarkadak baditu erakusketak, liburuak, DVDak, musika jaialdiak eta bizi-bizirik dago herritarren ahotan. Bigarrenak ez du sona handirik, ez behintzat nire ustez merezitako adina.

Badaezpada ere diot: txalogarria iruditzen zait duela 40 urteko bizitza eta gizartea irudikatu duen "Ez donk amaitu" ekimen herritarra. Miresgarria da baita ere punkak gurean duen mobilizazio gaitasuna. Baina beldur naiz ez ote den lilura hori nostalgia eta, are okerragoa dena, gizarte zahartu baten sintoma. Ez dakit RIPi egin zaizkion omenaldi eta liburu-diskoak beste, baina El Desvän del Macho, Lagash, Numen, Bad F-Line, Anger, Brutal Melody edota Ekonek ere merezi dute eurena. Eta, denboran hurbilago etorrita, gustatuko litzaidake ezagunagoak balira jaioterrian Alberto Urretxo, Perlata, Mikel Arkauz, Jone Alaitz Uriarte edota Helena Azkarraga-Urizar.

Mondra&Roll jaialdiak akuilatu du artikulua. Arrakastak pozten banau ere, beldur bainaiz proiektatzen duen herri identitate kamutsean. Horren aurrean ziur aski besteoi dagokigu plazaratzea, batengandik hasita, Arrasateren emari sortzailea eta baita tematika eta eztabaida berriak ere, etengabe abesti zaharrak entzunez nekez planteatuko direnak.