GARA Euskal Herriko egunkaria

Uda honetako jaien zerrenda azkenengo txanpan sartuta dago

Udako jaiak ez dira abuztuarekin amaitu, iraileko lehen egunak jaiez beteta baitatoz zenbait herri eta auzotan. Lekeition eta Plentzian, esaterako, sanantolinak ospatuko dituzte, Elorrion Ferixa Nausikoak, eta Santurtzin Mamariga auzoko jaiak. Gipuzkoan ere jaietan murgilduko dira Zestoa, Ordizia eta Zarautz.

Lekeitioko Antzara Egun famatua irailaren 5ean ospatuko dute 16.00etatik aurrera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lekeition, ohikoa den moduan, kuadrillen jaitsierak hasiera ematen die San Antolin jaiei, eta ekitaldi hori gaur izango da, arratsaldeko 19.30ean. Hortik aurrera, zortzi egun izango dituzte lekeitiarrek eta bisitariek ondo pasatzeko, jai egitaraua irailaren 8ra arte luzatuko baita.

Aurten ahalegin berezia egin dute herrian antolatzen diren ekimen guztiak saretzeko, eta, horretarako, egitarauan toki ezberdinetako egitarauak elkartu dituzte (Jai Batzordearena, Txosna Gunekoa zein Parkeko Gunekoa).

Beste ekitaldi askoren artean, domeka honetan paella txapelketa egingo da, eta herri bazkaria ondoren. Irailaren 5ean (martitzena), Antzara Egun famatua ospatuko dute, 16.00etan hasita. Aurretik zozketa egingo dute, parte hartuko duten txalupei zenbakia emateko.

Musika arloari dagokionez, aipatzekoak dira honako kontzertuak: Zirkinik Bez erromeria (gaur), Liher eta Su ta Gar (bihar), Gozategi (igandean) edota Dj Bull eta Oxabi erromeria (asteartean).

Elorrion ere gaur hasiko dira bertako Ferixa Nausikoak, baina kasu honetan hamar egunez luzatuko dira. Horrela, gaur txosnagunearen irekiera egingo da, eta jaien hasiera ofiziala bihar izango da arratsaldeko 20.00etan. Txupinazoa eta pregoiaren ardura Erdella Mendizale Taldea eta Berriotxoa Abesbatzarena izango da, biek 50 urteko ibilbidea bete baitute aurten.

Abere, nekazaritza eta artisau azoka famatua igandean izango da. Kuadrillen eguna, berriz, astelehenean (irailak 4). Sukalki eguna datorren larunbatean (irailak 9), eta herri kirolen jaialdia eta bertsoen emanaldia, datorren igandean (irailak 10).

Musika arloari dagokionez, honako kontzertuak iragarrita daude: Iskanbila eta Skabidean (gaur), Gauargi erromeria (bihar), Xabi Aburruzaga (igandea, irailak 3), Kai Nakai (osteguna, hilak 7), Esne Beltza (ostirala, irailak 8) edo Golden Apple Quartet (larunbata, hilak 9).

Lekeition bezala, Plentzian ere San Antolin jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, nahiz eta jaien egitaraua joan den martitzenean hasi zen, Antolintxu eta Madalentxuri egindako harrerarekin. Ekitaldiak domekara arte luzatuko dira (irailak 3).

Gaur, eskualdeko nekazaritza azoka egingo da, eta iluntzean bertso saioa, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.

San Antolin eguna bihar ospatuko dute txupinazoarekin eta txistularien kalejirarekin. Ondoren, Antolintxu, Madalentxu eta Udalbatza Astilleron elkartuko dira, elizara igotzeko.

Marmitako lehiaketa ospatuko da igandean goiz guztian zehar, eta sari banaketa arratsaldeko 17.00etan egingo dute. Ordubete geroago olinpiadak hasiko dira eta, agurreko kalejiraren ondoren, jaiei amaiera emango zaie zezensuzkoen entzierroarekin.

Santurtziko Mamariga auzoan ere gaur hasiko dituzte jaiak, eta hamar egunez luzatuko dira, irailaren 10era arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako ekitaldiekin. Jaien hastapeneko jaitsiera arratsaldeko 19.00etan egingo dute Kultur Etxetik abiatuta, eta pregoia irakurriko dute 20.00etan.

Aurten ere gastronomia arloak garrantzi berezia izango du Mamarigako jaietan: bihar tortilla lehiaketa egingo dute, igandean marmitako lehiaketa izango da, eta hurrengo igandean (irailak 10), plater libre lehiaketa.

Kirolak ere leku berezia izango du, eta ez dira falta izango pala eta futbito txapelketak. Pala txapelketa abuztuaren 28tik irailaren 10era bitarte jokatuko dute bi mailatan: herrikoia eta lehenengo maila. Futbito txapelketa, bestalde, abuztuaren 28tik irailaren 7ra bitarte jokatuko da, eta gehienez zortzi taldek jokatu ahal izango dute, betiere herriko jokalariekin.

Jaiak irailaren 10ean bukatuko dira (igandea), kuadrillen sari banaketa eta txapelaren agurrarekin, Kultur Etxetik egingo den azken jaitsierarekin, eta sardinaren ehorzketa eta azken trakarekin.

ZESTOAN, BI ASTEBURU

Gipuzkoako hainbat herritan ere jaiak ospatuko dituzte: Zestoan, Ordizian edo Zarautzen.

Zestoan, esate baterako, bi asteburutan banatu dituzte aurtengo jaiak. Bihar Gazte Eguna ospatuko dute, eta bertan ez dira faltako herri bazkaria, bertso saioa, elektrotxaranga eta kontzertuak. Gaztetxearen desalojoaren aurkako manifestazioa egingo da.

Igandean adinekoen eguna ospatuko dute bainuetxean egingo duten bazkariarekin. Horretaz gain, eguerdian nesken harri-jasotzaile erakustaldia egingo da eta arratsaldean trikitilari gazteen txapelketaz gozatuko dute.

Datorren asteburuko egitaraua ostegunean hasiko da, pilotako euskal selekzioaren izenean Naroa Agirrek botako duen txupinazoarekin.

Ostiralean Amabirjinaren eguna ospatuko dute musika bandarekin, dultzaineroekin eta txistulariekin, zekorketarekin eta pilota partidekin. Ordu berean zezenketen aurkako kontzertuak ere izango dira.

Larunbatean paella lehiaketa, herri bazkaria eta kuadrillen arteko jolasak egingo dira. Igandean umeen eguna ospatuko da: buruhandiak, dantzariak, bazkaria eta apar festa.

Ordizian ere Euskal Jaiak antolatu dituzte bihartik irailaren 10era eta, ohikoa den bezala, azoka berezia eta gazta txapelketa hileko lehen asteazkenean egingo dira, hau da, irailaren 6an.

Bihar “Emaneurre euskarari” eguna izango da, eta kuadrillen arteko herri kirol txapelketa, herri bazkaria eta musika emanaldiak izango dira, Gozategi taldearen erromeriarekin amaitzeko.

Zarautzen gaur hasiko dira Euskal Astearen 99. edizioko ekitaldiak, Bertsolari Gazteen Lizardi Sariaren finalarekin. Egun nagusia irailaren 9an izango bada ere (larunbata), aste guztian egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, beti bezala euskal kultura eta tradizioak aldarrikatzeko helburuz.