GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Hil arte bizi! Biba zu, Grazi!


Egunotan, berriro zabaldu da Ortzaizeko zubian, jendarmeen aurrean zuriz eta gorriz agertzen den Grazi Etxebehereren irudia. 2015eko argazkia da eta hainbeste maite zituen sanferminetatik itzulia zen Grazi bere sorterrira, ingurukoen aholku guzien gainetik, bi lagunen etxean atxilotutako errefuxiatuen gaineko ardura hartzeko. Izan ere, bakarrik ez gelditzeko joan ziren beretik lagunen etxera eta gure Grazik erabaki zuen arriskua bereganatzea, uste baitzuen berea zela erantzukizuna. Badago hautu hartan zer ikasia, zalantzarik gabe, emakume horretaz asko esaten diguna.

Grazik zubi hartan esandakoak gogo asko piztu zituen gure herrian, ETAren armagabetzea herri egitasmo gisa irudikatuz. Euskal Herrian ez dugu ohiko bake prozesurik izan, taupada endogenoen araberako ibilbide ausart eta emankorra baizik, zeinean euskal jendarteak hartu baitu, une oro, iniziatiba. Graziren urrats hura baliagarria izan zen jende gehiagoren parte hartzea errazteko eta, aldi berean, norabidea erakusten lagundu zuen. Beste ekimen batzuetarako inspirazio bilakatu zen, eta, beraz, urrats emankorra izan zen.

Orduan ezagutu zuten euskal herritar askok Grazi, baina bere ibilbidea aurretik hasitakoa zen, bere etxea beti aterpe izan delarik. Abertzale fina, inposatutako mugaren urratzaile amorratua, alaia, zintzoa, fidagarria beti, Grazik belaunaldi baten lekukoa eskaini zuen Ortzaizeko zubian, belaunaldi berriek hartu duten lekukoa, hots. Herrian urtzea deitu diote batzuek urrats historiko horri, eta Grazik erakutsi zigun zer zen, hitzetatik harago.

Idatzita utzi zuen Grazik ez zuela ohore zozorik nahi, ohore guziak ukanak zituela. Eta, bide beretik, hil arte bizitzea aukeratu zuen, azken unera arte buru gogor, burua galdu gabe.

Ohore zozorik ez, ados, baina gure herriaren askapen borrokaren historian leku bat irabazita daukazu, ez delako batere zozoa zuk emandakoa aitortza. Grazi, ongi irabazita, zinez!