GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Neurrigabeko pasio batek merezi duen txapela jantzi du Ansak

Finalaren lehen erdia orekatua izan bazen ere, gerora saketik eta fisikoki osoagoa egonda hautsi zuen partida urnietarrak Juaneneari gailentzeko.

Imanol Ansa, pozarren garaipenarekin. (Maialen ANDRES | FOKU)

Koteto Ezkurraren ondorengo bezala Urrizak eta Barrenetxeak osatutako bidearen ostean, erremonteak badu txapeldun berri bat atzoz geroztik: Imanol Ansa urnietarra, aita zenak sartu zion harra muturrera eraman eta, oztopoz betetako ibilbide baten ostean, aspaldiko ametsa gauzatu duen kirolaria. Sentimendu handiko egun batean, urnietarraren pasioak normalean horren esker txarrekoa izaten den kirol honen Olinpora eraman du bere garaian kirol honetan aritzeko txikiegia zela esan zioten kirolari handia. Erreleboa eta aurpegi berriak behar dituen kirol honetan, txapela nekez egon daiteke buru egokiagoan.

Orain arte egindako txapelketagatik eta buruz buruko lehietan pilatutako esperientziagatik, faborito gisa irten zen urnietarrak giro bikaina izan zuen Galarretako kantxan eta plaza gizona izaten ere ikasi egiten dela erakutsi zuen. Bere formakuntza prozesuan, finaletan bere maila eman ezina izan da gainditu beharreko langetako bat, eta behin Masterrean Barrenetxearen aurka kristalezko sabai hori hautsita, beldurrik gabe kantxaratzen da eta barruan duen talentu hori oztoporik gabe agertzeko gai da. Hori bai, markagailuan beti aurretik joan zen arren, kosta egin zitzaion faboritotasun hori kantxan gauzatzea. Bientzat buruz buruko lehen finala zen atzokoa, saldiastarra binaka jokatutako azken lau finalak irabazita zetorren arren, eta pilotalekuan egiten zuen beroarekin eta pilotak hasieran zuen bizitasunarekin, biek izan zituzten dezenteko zalantzak lehen tantoetan. Pilotak etengabe aldatu bazituzten ere, bietako inork ez zuen gustuko materialik topatzen eta tantoak alde batera zein bestera erortzen ziren, sarri arrazoi argirik gabe.

SAKEA GILTZARRI

Lehen bi tantoak sakez egin bazituen ere, Ansari kosta egin zitzaion lehen pilotakadarekin min egitea eta Juaneneak hasieratik izan zuen oso argi aurkaria erreboteatzera behartu behar zuela aukerak izan nahi bazituen. Saldiastarrak kolpe freskoa duela erakutsi zuen, baina ez aurkariaren defentsa gainditzeko adinakoa eta, tanto motzak komeni bazitzaizkion, partida pixkanaka gogortzen joan zen eta ia tanto piloteatu guztiak gorriaren alde erori ziren.

Beroa ere handia izan zen eta, urduritasunarekin batera, eraginik, nafarra gorputzari buelta eman ezinik aritu zen eta hor hasi zitzaion partida ihes egiten. Bosna eta seina berdindu ostean, pilotak moteldu ziren heinean, Ansak bere lekua topatu zuen kantxan eta, batez ere, sakearekin asmatzen hasi zenean hautsi zuen partida bere aldera.

Markagailuan 17-13 zirela Juaneneak egindako falta baten ostean, lau tanto lortu zituen Ansak ia jarraian lehen pilotakadarekin eta, fisikoki askoz osoago, urnietarra goitik behera nagusitu zitzaion partidaren azken txanpan bere adiskide eta arerioari.

OSO ESKERTUA

Bere biziko ametsa bete ostean, hunkitua baino gehiago, eskertua agertu zen urnietarra kazetarien aurrean eta alboan izan dituen guztiak izan zituen gogoan, etxekoengandik hasita. «Txapel erdia Julen Loitegirena da. Bere prestaketa sakrifikatu du niri laguntzeagatik. Ibon Zalduari ere eskertua nago, denbora luzean paper hori ere hartu izan duelako. Baita koadro osoari ere. Gaur egun erremontistak afizioagatik gabiltza honetan, ofizioagatik baino gehiago. Gazteak animatuko nituzke hau probatzera. Ordu asko sartu ditut kantxan prestatze lanetan», azaldu zuen.

Finalari dagokionez, onartu zuen kosta egin zitzaiola neurria hartzea, baina bere buruarengan konfiantza handia duela nabarmendu zuen.