GARA Euskal Herriko egunkaria

Ehun urtean lehen aldiz, laboristek hauteskundeak galdu dituzte Norvegian

Irabazi duten kontserbadoreen burua, Erna Solberg. (T. ASERUD AFP)

Oposizioko Alderdi Kontserbadoreak udal eta eskualde hauteskundeak irabazi ditu Norvegian, eta Alderdi Laboristak ia ehun urtean lehen porrota jaso du herrialde eskandinaviar horretako bozkatze batzuetan. Kontserbadoreek botoen %25,9 lortu dituzte (ia sei puntu gehiago), Jonas Gahr Støre lehen ministroaren laboristen %21,7ren aurrean.

Norvegiako sozialdemokratek 1924ko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik ez zuten hauteskunderik galdu.

Ultraeskuinak %11,4 lortu du, Zentroko Alderdiaren (%8,2) eta Ezkerreko Alderdi Sozialistaren (%6,8) aurretik.

Eskuineko oposizioak, gainera, Osloko alkatetza berreskuratu du, baita Bergenekoa ere, herrialdeko bigarren hiri populatuena.

«Kanpaina ona egin dugu eta errekuperatu gara, baina ez nahikoa. Emaitza baxuegia da eta anbizio handiagoa dugu», onartu du Størek. Hala ere, kargua uzteko asmorik ez duela ziurtatu du. Zentroko Alderdiarekin gutxiengo gobernu baten buru da Støre 2021etik, eta gehiengoa du sozialisten babesarekin.

Norvegia eskuinera egiten duen Europako Iparraldeko azken herrialdea da. Finlandian gauza bera gertatu da, eta Suedian ere botereari eusteko gero eta arazo handiagoak dituzte sozialdemokratek.

Gainera, errefuxiatuen eta etorkinen auzia dela-eta, beti hor egon den ultraeskuinak gero eta indar gehiago du.

Eskandinaviako herrialdeek historikoki sozialdemokratek gidatutako gobernuak izan dituzte eta ongizatean oinarritutako sistema oso sendoak eratu dituzte, Europako ezkerreko zenbait sektorerentzat nolabaiteko eredu europarra eta errealista bilakaturik.