GARA Euskal Herriko egunkaria

Leonard Peltier askatzeko eskatu diote Bideni, Etxe Zuriaren aurrean

AEBetako preso politiko zaharrenak 79 urte bete berri ditu. Horietatik 47 preso daramatza Leonard Peltierrek. FBIko bi agente hiltzeagatik zigortu zuten irregulartasunez eta arrazismoz betetako epaiketa batean. Gaur egun, presidentearen esku dago zigorra barkatzea; hala eskatu diote herrialdeko elkarte indigenek, nazioarteko ordezkariek eta Amnesty Internationalek.

Ekintzaile indigenak, Leonard Peltierren aldeko protestan, Etxe Zuriaren aurrean. (Stefani REYNOLDS | AFP)

Leonard Peltierren omenezko Washingtongo martxa kantuez eta atabal hotsez hasi zen asteartean, 79 urte bete zituen egunean. Egun batzuk lehenago Hego Dakotan abiatu eta Minneapolis, Chicago eta Pittsburgh hirietan ekitaldiak egin ostean iritsi ziren asko Estatu Batuetako hiriburura. Etxe Zuriaren aurrean, “Altxatu! Askatu Leonard Peltier” pankarta zabaldu zuten. Manifestariek behin eta berriz errepikatu zuten “Askatu Peltier” oihua.

Beste pankarta erraldoi batek “Aski da! Askatu Leonard Peltier” zioen. Etxe Zuriko hesian zabaltzea lortu zuten ehunka manifestarik; zerbitzu sekretuek gehienak atzeratzea lortu zuten, eta agentez osatutako hesia eratu. 30 lagunek presidentearen egoitza parean jarraitu zuten, ordea; luze egon ziren desobedientzia zibileko ekintzan, polizia lerroaren beste aldetik ere buruzagi indigenaren alde oihuka ziharduten bitartean. Azkenean, banan-banan atxilotu zituen Poliziak. Haien artean ziren Dallas Goldtooth aktore indigena, Paul O’Brien Amnesty Internationaleko AEBetako zuzendari exekutiboa, Nick Tilsen NDNko presidentea eta Fawn Sharp NCAI AEBetako kongresu indigenako burua. Aldameneko txoko batean datuak hartu ondoren, libre geratu ziren denak.

«IZPIRITU LIBREA»

«Leonard Peltierren kartzelaldia herri indigenei egindako bidegabekeria guztien adierazle bat da», salatu zuen Nick Estes NDN kolektibo indigenako buruak. Elkarte horrek deitu zuen Washingtongo martxara, Amnesty Internationalekin batera. NDNko Holly Cook Macarro ordezkariak Peltierrek espetxetik helarazitako mezua irakurri zuen: «Hil aurretik aire librea arnastea espero dut. Zaila da itxaropenari eustea, baina inork ez dauka niri kentzeko besteko indarrik. Agian kaxa batean irtengo naiz hemendik. Hori da egia gordina. Baina bihotza eta gogoa jarri ditut gure mundua leku hobe bat egiteko, eta lan asko dago egiteko. Hemendik irten eta zuekin batera egin nahi nuke». Preso politiko indigenak argi azaldu zuen: «Espetxean nago, baina nire gogoak jaio nintzenean bezala jarraitzen du: izpiritu indigena libre bat».

Aurten 50 urte bete dira AIM Estatu Batuetako Mugimendu Indigenak Wounded Kneeko okupazioa egin zuenetik. Pine Ridge erreserbako leku horretan 300 lakota hil zituen AEBetako Armadak 1890ean, eta gunearen sinbologia baliatuz egin zuten okupazioa, indigenek sufritzen zuten bazterketa eta bizi baldintza izugarriak salatzeko. Leonard Peltier AIMko buruzagi ezaguna zen ordurako. Bi urte geroago, okupazioa amaituta zegoen baina tentsioa handia zen, eta FBIko bi agente hil zituzten Pine Ridgen izandako tiroketa batean. AIMko kide bat ere hil zuten. Peltierrek esan izan du han egon zela, baina tiro egin izana ukatu du behin eta berriz.

Ia mende erdi pasatu da ordutik, eta agerian daude Peltierren aurka FBIk ustezko frogak ezkutatu eta beste irregulartasun ugari izan zirela epaiketan -kasuko fiskalak berak aitortzen du-, egun Peltierren askatasuna eskatzen dutenetako bat bihurturik. Eskaera pertsona bakarrari zuzentzen zaio: Joe Bideni. «Hemen gaude, AEBetako presidenteari dei egiteko. Planeta honetan erabakitzeko gaitasuna daukan bakarra da. Leonard askatzeko hautua egin behar du», aldarrikatu zuen Fawn Sharpek atxilotu aurretik.

Manifestarien artean zen Chauncey Peltier preso indigenaren semea ere. «Nire aitak 48 urte daramatza kartzelan. Historiako eskubide urraketa kasu handienetakoa da, AEBetan denbora luzeen espetxean daraman preso politikoa da. Biden presidenteari eskatzen diogu aska dezala Leonard Peltier. Errukia izan dezala eskatzen diogu».

Peltierren aldeko mugimenduak urte asko daramatza buruzagi indigenaren askatasuna eskatzen, baina Bidenen agintaldian indar berezia hartu du eskaerak. Batetik, presoaren adinagatik eta osasun egoera ere asko kaskartu zaiolako azken urteotan. Bestetik, Bidenen Exekutiboak sentsibilitate berezia agertu duelako orain arte gai indigenarekin; barnetegi eskoletan ume indigenak asimilatzeko egindako izugarrikeriak aztertzeko eta trauma horretaz hausnartzeko batzordea sortu du, esaterako.

Baina inork ez du ahazten Barack Obamak mahai gainean izan zuela Peltierren fitxa, agintaldi amaieran beste zenbait preso askatzea onartu zuenean, eta ez zuen sinatu. Urtebete barru hauteskundeak izanik, kanpaina bizkortu nahi dute. Ez baitute denbora bakarrik kontra: FBIk ere behin eta berriz adierazi du -asteartean bertan, azken aldiz- Leonard Peltier askatzearen aurka dagoela.