GARA Euskal Herriko egunkaria

Sormena


Artearen artisauak, bai horixe, ez sortzaileak... ala bai? Edo, hobe esateko... ala baita ere? Agian, hobe bigarrena, ez dugu utziko artista kasta baten esku sortzearen plazera ezta? Ala bai? Egia da, erabilera interesatuen ondorioz, Sahelekoa baino sakonagoa dela sortzaile hitzaren higadura; hiri sortzaileak, lanpostu sortzaileak, proiektu sortzaileak... Irents dezatela sortzailetasuna proiektu urbanistiko basatien, lanpostu prekarizatuen, dominazio kulturalaren eta diru publikoaren xahutzeen koartada bezala erabiltzen dutenek. Hori patu tristea sortzaile hitzarena. Baina eta sormena? Sormena ere erabilera interesatu, edo, interes horien arabera, homologatutako artisten subrogazio pribilegiatua al da?

Ez, eta gauza serioez ari naizenez, goraipatu nahi dut (artisauaren) sormena; pobrearen poz bakarretako bat. Gure buruan, zein inguruan, apur bat bederen, eragiteko tresna ezinbestekoa da. Komunitatea, herria, jendartea goldatzeko lanabes erabilera ugarikoa, eta hain gozagarria... askotan! Beraz, une honetatik bertatik, gerra deklaratzen diot sormena pribatizatu, kontrolatu, militarizatu, otzandu, indargabetu, lausotu, kamuflatu, mozorrotu edo koarentenan jarri nahi duen edonori. To! Hauxe gaurko epika eta ideologia anoa. Agian, apur bat esajeratu dut azken esaldi horrekin, baina badakizue: sena galtzen dut sormenak (ene buruan) goia jotzen duenean, ezin dut irudikatu bizitza hura gabe.

[Jabier eta Aneren arteko solasaldiaren hariari tiraka idatzitakoa]