GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk herritarren «ezinegona» helarazi du: «Urkullu, arazo bat dugu»

Miren Gorrotxategi (EP-IU), Carlos Iturgaiz (PP) eta Nerea Kortajarena (EH Bildu), atzo, Gasteizko Parlamentuan egin zen Politika Orokorreko Eztabaidan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Urkullu jauna, arazo bat dugu». Hala adierazi zuen Nerea Kortajarenak, EH Bilduren bozeramaile gisa, Gasteizko Ganberan egindako lehen hitzaldian. Politika Orokorreko Osoko Bilkuran Kortajarenak ohartarazi zuen «gero eta sektore gehiagotan zabaltzen ari den» ezinegonaz.

Horrela, Kortajarenak Osakidetzako itxaron zerrendak eta eskola garraioan irekitako gatazka aipatu zituen, eta lehendakariak bere hitzaldian aipatu ez zituen datu batzuk gogorarazi zituen. Adierazi zuenez, «pobrezia mota larrienak murrizten ari garen arren, ezberdintasunak gora egiten jarraitzen du»; eta esan zuenez, «langabeziari buruzko datuak triunfalismoz aurkezten badira ere, errealitatea da anomalia izaten jarraitzen dutela gure aberastasun maila duen herrialde batentzat».

«Gure langabezia tasak Europako atzeko bagoietan kokatzen gaitu oraindik ere», adierazi zuen, eta Urkulluri eskatu zion «oposizioak zorrotza izateko erantzukizuna ere baduela» onartzea. «Oposizioa, sindikatuak, mugimenduak, azken batean, auzitan jartzen zaituzten herritarrak ez daude sobera», kritikatu zuen.

«Herri honek ez du behar kudeaketa plan kontinuistarik, baizik eta diagnostiko zintzoa eta herri proiektu sendoa eta partekatua. Beraz, galdera da: non geratu dira herri akordioak?», galdetu zuen, eta bost erronka estrategiko planteatu zituen. Horien artean, burujabetza estrategikoa, testuinguru energetiko eta ekonomiko globalean «gakoa» izango dena; energian, elikaduran eta industrian baldintza, tresna eta helburu propioekin jardutea; ongizate egiturak aldatzea; «herri honen zerbitzura» jardungo duen ezagutza sistema berritu, hezkuntza sisteman eta unibertsitate eta ikerketa sisteman transformatuz; identitate komunitario indartsu bat; eta Segurtasun eredu propio bat.

Ildo horretan, EH Bilduk adierazi zuen «oinarri komunak» ikusten dituela lehendakariak «Gernikako Estatutuaren, estatus berriaren eta euskal nazioaren onarpenaren» inguruan egin zuen planteamenduarekin, eta eskua eskaini zion «akordio historiko bat lortzeko» eta «herri gisa bide bati ekiteko». «Eskua luzatuta erakunde arteko akordio zabal baterako, alderdi politikoetatik harago eta gizarte zibilaren protagonismo argiarekin», gaineratu zuen Kortajarenak.

ANDUEZAREN KRITIKAK

Eneko Anduezak (PSE) EAJtik aldendu nahi izan zuen Gasteizko Legebiltzarrean egindako hitzaldian eta, bide batez, EH Bildu kritikatu. Horrela, Lan Erreforma goraipatu zuen eta EAJren eta EH Bilduren ezezko botoa izan zuela gogorarazi zuen PSEko buruak. «Non zeundeten zuek, Euskal Herria hainbeste defendatzen duzuela esaten duzuenok?», galdetu zuen. Era berean, argi utzi zuen PSEk baztertu egiten duela «eredu konfederalaren helburua, ikuspegi nazionalista argi batetik proposatzen denaren beldur baikara».

Joseba Egibarrek EAJren izenean hitz egin zuen, eta Anduezari PSNren parte den Gobernuarekin jarrera kritikoa duela esan zion: «Badirudi ez gaudela Gobernu berean. Andueza jauna, itxaron dezakegu kanpainara edo hauteskundeetara deitu arte, gure artean xextran hasteko».

«NORABIDE ALDAKETA»

Elkarrekin Podemos-IUko, Miren Gorrotxategik eta Jon Hernandezek «Euskadirentzat ezkerreko aldaketa» eskatu zuten. «Kalitatearen okertzearen lekukoak izan gara, batez ere Lehen Mailako Arretari eragiten diona. Ordezkapenen plangintzarik eza, EAGen murrizketak, plantilletan %40tik gorako behin-behinekotasuna, familia medikuaren rola betetzera behartuta dauden erizaintzako langileak, eta pribatizatzeko eskalada... Hori al da Eusko Jaurlaritzak pandemiatik atera duen ikasgaia?», itaun egin zuen Gorrotxategik.

Autogobernuari buruz, Gorrotxategik hurrengoa esan zuen: «Badugu tresna bat herri honi funtsezko gaietan autogobernatzeko aukera ematen diona, hala nola etxebizitzan, osasunean, hezkuntzan, energiaren arloan edo fiskalitatean. Hala ere, legegintzaldiko hiru urteetan, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek ez dute inolako borondaterik agertu autogobernuari buruzko lantaldea irekitzeko. Are gehiago, autogobernua gobernu zentralaren politiken aurkako ariete gisa erabili izan da, hain zuzen ere eskubide eta aurrerapen sozialetan sakontzen zutenean», Etxebizitzaren Legeari erreferentzia eginez.

PP, EAJ TENTATUZ

Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak keinua egin zion EAJri, Urkulluri «beldurrak gainditu» eta Alberto Nuñez Feijoo Gobernu espainoleko presidente izendatzeko eskatuz. «Ez dago idatzita etorkizunak morrontza izan behar duenik Sanchez jaunaren politiken aurrean, edo Bilduren imitazio alferrikakoa, egoera horietan etekinak lortzen baitaki beti, ekarpenik egin gabe eta arriskatu gabe», nabarmendu zuen, eta bide horretan jeltzaleak gonbidatu zituen, «euskal politika marmotaren egun moduko batera mugatzen duten kortse zahar horiek urratzera».

Nolanahi dela, Iturgaitzek lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionala ere kritikatu zuen. «Herritar guztiok nahasi nahi gaitu bere azken burutazioarekin, Bilduren oinarrietan arrantza egiteko, jakitun izanik, lehen mundu nazionalistan arrain handia zena, gaur egun, arrain txikiarentzat karnata besterik ez dela», adierazi zuen.