GARA Euskal Herriko egunkaria

Atlasko kaltetuak: haimetan bizitzen, etsipenaren eta beharraren artean, eta neguaren beldur


Milaka marokoarrek kanpin-dendetan bizitzea etsi dute, joan den ostiralean herrialdearen hegoaldeko hainbat probintzia astindu eta ia 3.000 pertsona hil zituen lurrikararen ondoren, negua laster iritsiko den beldurrez eta euren etxeak lehenbailehen berreskuratzeko itxaropenez.

Amizmizetik aurrera, Goi Atlasko atetik eta hegoalderantz, herrietako plazak, ondoko zelaiak, mendien hegalak eta errepide hautsietako ertzak ostatu inprobisatu bihurtu dira, non milaka haima altxatzen diren. Kanpamendu eta plastikozko herri berri hauetan, tragedia gainditu eta baldintza berrietara moldatzen saiatzen dira bertakoak. Barruan, estalki gehiago, plastikozko botilak, erratza, labetxo txiki bat eta ezinbesteko teontzia izaten dira, baina janaria eta garbitzeko lekua falta izaten zaie kasu askotan.

Etsipena eta premia larria nahasten dira. «Jainkoak hala nahi izan du», diote fededunenek. Aldi berean kexu dira denda berean hogei pertsona batera bizi direlako eta «jendeak sufritzen jarraitzen duelako». Beste batzuei janaria eta ura ez zaie falta, baina kezka nagusi bat dute: elurra iristen denean etxerik gabe izatea. «Ez dakit non gordeko ditudan laguntza hauek euria iristen denean. Orain irina ematen badidazu masa bihurtuko da; azukrea disolbatuko da», azaltzen du Mohamed Ait Hajak, tizi Oussem herrian.

Bestalde, Al Mada inbertsio funtsak (akziodun nagusia Mohamed VI.a erregea da) berreraikuntzarako 91,4 milioi euro inguru iragarri ditu, ostatua eta 2.700 euro arteko larrialdiko laguntza eskaintzeko familia bakoitzari.