GARA Euskal Herriko egunkaria

Debekuak I


Debekaturiko Liburuen Astea ospatzen dute urtero AEBetan, gehienetan iraileko azken astean. Liburutegi publikoetatik auzo elkarteetaraino, denetariko taldeek parte hartzen dute ideiak, ortodoxoak zein popularrak ez diren horiek barne, adierazi eta bilatzeko askatasuna ardatz duen ekimenean.

1982an antolatu zuten lehen astea, besteak beste Island Trees eskola barrutia eta batxilergoko lau ikasle aurrez aurre jarri zituen epaiketaren harira. 1975eko udazkenean guraso elkarte batek New Yorkeko eskola batzordera jo zuen eskolek liburutegietako liburuen gainean zituzten irizpide “laxoegiengatik” protesta egiteko. Guraso elkartearentzat bederatzi liburu ziren arazo nagusia, haien artean Kurt Vonneguten “Slaughterhouse-Five” nobela eta Langston Hughesen “Best Short Stories by Negro Writers” ipuin bilduma, euren aburuz AEBen, kristautasunaren eta juduen kontrako ideiak sustatzen zituztelako. Eskola barrutiak liburuok liburutegietatik kendu egin zituen hilabete batzuk geroago. Steven Pico eta beste lau batxilergo ikaslek, ordea, neurria gaitzetsi eta dozena bat liburutegi zein adierazpen askatasunaren aldeko elkartek ikasleen aldeko helegitea aurkeztu zuten. Picoren aburuz, talde baten ikuspegi sozial, politiko eta moralentzat iraingarriak ziren pasarteak edukitzeagatik kendu zituzten liburuok, ez balio pedagogiko falta zutelako. 1982an Auzitegi Gorenak epaitu zuen eskola agintariek ezin zituztela liburuak beren edukiagatik debekatu liburutegietan.