GARA Euskal Herriko egunkaria

Espetxeratze agindua jaso dute Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak


Aitor Zelaiak eta Galder Barbadok, Auzitegi Gorenak launa urteko espetxealdira kondenatu zituen gazte arabarrek, atzo jaso zuten kartzelatzeko agindua, ANkerkeriari Stop dinamikak ezagutarazi zuenez. Talde honek mobilizazio aldi bat abiatuko du astelehenean eta, tartean, manifestazio nazionalera deitu du, Gasteizen, hilaren 30ean.

Auzitegi Nazionalean hasi zen Zelaiaren eta Barbadoren kontrako auzi judiziala, 2021eko otsailaren 2an. «Armak eta munizioa gordetzeagatik» kondenatu zituen auzitegiak. Defentsak aurkeztutako helegiteek -auzipetuen errugabetasuna zalantzan jartzeko moduko frogarik ez dagoela esan dute sarritan- Gorenera eraman zuten kasua, baina honek Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi besterik ez zuen egin.

«Auzitegi Nazionalak euskal militanteak epaitzen dituenean aldez aurretik idatzita dago epaia. Salbuespeneko epaitegiaren begietan garenagatik epaitzen gaituztelako, berdin diola ere momentu politikoa edota proba falta», gaitzetsi zuen ANkerkeriari Stop-ek prentsa ohar batean.

MOBILIZAZIO ALDIA

Gazteen aurkako epaia salatu eta haien espetxeratzearen atzetik «Euskal Herriak aurrera egin dezan», mobilizazioak iragarri ditu plataformak. Agurainen, Amurrion eta Gasteizen astelehenean hasiko dira, 19.00etan. Bestalde, astelehenetik ostiralera Euskal Herriko gainerako herrietan ere mobilizazioak eta elkartasun keinuak izan daitezen deia egin zuten.

Irailaren 30ean manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen, 18.30ean.