GARA Euskal Herriko egunkaria

Lanbide Heziketako 49.200 ikasle ikasturte honetan EAEn, %5,3 gehiago

Gora egin du Lanbide Heziketa hautatzen duten ikasleen kopuruak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 49.000 ikasle baino gehiagok ekin diote ikasturte berriari, aurrekoan baino %5,3 gehiago. Lehen mailako ikasleen artean igoera %9,1ekoa da. Lanbide Heziketaren bilakaerak %30,1eko hazkundea erakusten du matrikuletan, 2015-2016 ikasturtetik hona.

Iñigo Urkullu eta Jokin Bildarratz Donostiako Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Ikastetxean izan ziren atzo. (IREKIA)

Lanbide Heziketak 49.000 ikasle baino gehiagorekin ekin dio ikasturte berriari Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko ikasturtean baino %5,3 gehiago. Lehen mailako ikasleen artean igoera %9,1ekoa da, eta, begirada gehiago zabalduz gero eta zortzi ikasturte atzera eginda, Lanbide Heziketaren bilakaerak %30,1eko hazkundea izan du matrikuletan, 2015-2016 ikasturtetik hona.

Hala adierazi zuen Hezkuntza Sailak atzo ohar batean. Aipaturiko 49.000 ikasle horietatik %65 gizonak dira eta %35 emakumeak. Esparruen arabera, emakumezko ikasleen presentzia handiena esparru zientifikoan ikusten da, batez ere osasunaren eta soziosanitarioaren sektoreko zikloetan, ikasleen %77,8 emakumeak baitira. Teknologia arloan, nesken portzentajea %29,7koa da, eta industria arloko zikloetan, berriz, %12koa. Azken sektore horretan, emakumeen presentzia %34,6 hazi da azken 5 urteotan. Azkenik, lehen sektorean (nekazaritza eta itsas arrantza) emakumeen presentzia %16,3ra iritsi da ikasturte honetan.

Hizkuntza ereduei dagokienez, ikasleen %52,7k euskara aukeratu dute (B eta D ereduak), aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok. D ereduan, igoera handiagoa izan da, %15,7koa hain zuzen ere.

Lanbide Heziketa Dualari dagokionez, ikasturte berri honetan ikasleen %40,3k (bai Erdi Mailako zikloetako ikasleek, bai Goi Mailakoek) burutuko dute beren prestakuntza modalitate horretan, «ikastetxean jasotako prestakuntza enpresakoarekin uztartuz», Lakuaren esanetan. Horretarako, 8.247 enpresa lanean arituko dira Lanbide Heziketarekin.

Matrikula kopuruak gora egiteak irakasleak ere ugaritzea dakar. Hala, 2023-2024 ikasturte honetan Lanbide Heziketak iaz baino 265 irakasle gehiago izango ditu sare publikoko ikastetxeetan.

MODULUEN ESKAINTZA MALGUA

Hezkuntza Sailak nabarmendu zuenez, joan den ikasturtean abian jartzen hasi ondoren, 2023-2024an beste bultzada bat emango zaio Moduluen Eskaintza Malguari, «aurrerapauso bat eginez eskaintza partziala deitu izan zaion horretan».

Zikloetako edo espezializazio ikastaroetako ohiko prestakuntza jasotzen duten ikasleez gain, ikasle batzuek modu zatikatuagoan egiten dituzte ikasketa horiek, moduluka edo are unitate txikiagoetan zatituta. «Funtsean, langileak edo langabeak dira, eta beren kualifikazio maila hobetu nahi dute lanean jarraitzen duten bitartean, izan gaitasunak egiaztatzeko, izan Lanbide Heziketako titulazio bat eskuratzeko», azaldu zuten.

Lanbide Heziketa ikasteko aukerak malgutzearekin batera, «herritarrek ikas ditzaketen titulazioen eskaintza ere zabaltzen ari da». Aurten, heziketa ziklo berriak gehitu dira titulazio katalogoan: ikasturte berriarekin batera 11 titulazio berri ematen hasi dira: Oinarrizko Graduko 3 ziklo berri, Erdi Mailako 3 ziklo berri, eta Goi Mailako 5 ziklo berri. Espezializazio ikastaroen kopuruak ere gora egin du, 7 ikastaro berri ematen hasita.