GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Hazia


Batzuetan prentsa kolaborazio bat idaztea da zure aita tximistarriz eginiko igitai batekin zikiratzea. Espero duzu Afrodita aterako dela inspirazioaren barrabil erauzien aparretik, baina suerta liteke erraldoi, erinia eta meliadeekin topo egitea. Badu dadoak botatzetik ofizio honek zientziatik beste, baina akaso zerbait egin liteke zoria bezatzeko.

Noan harira. Bada uste bat euskal letretan eta da marmarrak iritzi-emaile hobe egiten duela bat. Horrek bazuen zentzua akaso sistemak mundua marabillosoa zela sinestarazteko beste indar zuen urteotan, mendebaldean batzuentzat 30 urte loriatsu izan omen ziren horietan edo trantsizioko maskaradan, baina horraino. Bide batez, beti da interesgarria asmatzea zer ezkutatzen duen erasiak, baina hori beste batean jorratuko dugu.

Kontua da nik ere bigarrenez jarraian banuela dolamena arkatzaren puntan, eta erabaki dut ezetz, oraingoan ez dela tokatzen. Idatzi nuela duela lau urte nobela bat nire malaletxe dena hartuko zuena, artefaktu demoniozkoa balitz bezala, eta ez nukeela nahi petralkeriaren grinarik okerrenak elikatzen jarraitu.

Horregatik erabaki dut kexatu ordez proposatzea, irakurtzen ari naizen “La otra mitad de París” izeneko Giuseppe Scaraffiaren liburu ederrean inspiratua. Eta kontuan eduki arren egungo Euskal Herria ezin dela konparatu obran zerrendatzen diren Yourcenar, Gide, Pound, Rilke, Hemingway, Dos Passos, Fitzgerald, Nin, Breton, Joyce, Simenon, Malraux, Proust, de Beauvoir eta beste hainbat eta hainbat elkartu zituen gerra arteko Parisekin, gaur eta hemen badugula zer ospatu uste dut. Harrokeriarik gabe, ederra litzake Loiu, Biarritz edo Noaingo aireportuetan saltzea euskal idazleen argazkiekin eginiko posterrak, irlandarren maneran, eta egunen batean Canberrako neskatxa batek edo Albaceteko gizon edadeko batek altzoan eramatea Cano, Atxaga, Rodriguez, Axular, Jimenez, Estankona, Mogel, Jaio edo Amurizaren aurpegiak. Ez dakit, herri bat bagina bezala jokatzea erabaki dezakegu, salbuespena bada ere.