GARA Euskal Herriko egunkaria

Ternuara, bakailao arrantzaren garaira, garamatza Otxotekok

Ternuan erizain aritu zen Margarita Olazabal 1971tik 1975era. Eguneroko jarduera ardatz duten filmaketak egiten zituen. Haiek oinarri hartuta, lau urteko ikerketa artistikoa egin du Mikel Otxoteko semeak. Emaitza San Telmon ikus daiteke gaurtik aurrera.

Mikel Otxoteko, atzo, erakusketaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Hunkituta agertu zen Mikel Otxoteko. «Artistikoki hazi egin naiz, baita pertsona bezala ere. Eta hau ezinbestekoa da artea ulertzeko dudan moduagatik», aitortu zuen.

Publikoak Ternuaz duen ezagutza historikoan sakontzea eta bisitaria obrek eraman dezaten uztea da bere helburua.

Umetatik ikusi ditu etxean amak Ternuan egindako filmaketak Mikel Otxotekok. Eguneroko jarduerari lotutako irudiak dira, 21 urterekin erizain aritu baitzen Saint-Pierre eta Mikelune artxipelagoan Margarita Olazabal. Bakailao arrantzan ari ziren marinelak artatzea zuen ardura. Arrantzaren krisiarekin, bakailaoa desagertua zen ordurako; lanik ez eta Euskal Herrira itzuli zen 1975ean, lau urte geroago.

2018an, ama ondoan zuela filmaketak ikusten ari zela, dimentsio artistikoa izan zezaketela pentsatu, eta lau urtez garatu zen proiektuan barneratu zen Otxoteko. Bi egonaldi egina da Ternuan.

Itzuleran hainbat galdera zituen buruan, orain San Telmo museoan ikuslearekin partekatu nahi dituenak. «Zer gertatu zaie hango biztanleei? -hainbatek euskalduntzat du bere burua-. Zein da irlaren egoera ekonomikoa gaur egun? -bakailaoa zen diru-iturri nagusia-. Ez du industria gaitasunik eta Frantziak sostengatzen du. Elikadura subiranotasuna oso gai interesgarria da...», azaldu zuen.

Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude) antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Horrekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen. Esaldi hauxe hautatu du sortzaileak erakusketaren izenburu gisa.

Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa honek Saint-Pierre eta Mikelunen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertu ditu. Otxotekorekin batera, Susana Soto San Telmo museoko zuzendaria eta Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria izan ziren atzo egindako aurkezpenean.

«Feminismoa eta jasangarritasuna, gaur egun indarrean dauden gaiak landu ditu proiektuan. Errelato txiki batetik abiatu eta errealitate posible bat islatu du», nabarmendu zuen Abaldek, hizki larriz idazten den historian emakumeen presentzia urria gogoratzearekin batera.

BOKAZIO ANTROPOLOGIKOA

Olazabalek badu bokazio antropologikoa ere. 80ko hamarkada hasieran, hainbat euskal antropologo, Teresa del Valle buru zutela, euskal kulturaren eta emakumeen parte-hartzearen historia zabaltzen hasi aurretik, Margarita Olazabal etnografo bihurtu zen, jabetu gabe. Hori dio Mari Luz Estebanek San Telmok argitaratutako katalogoan.

«XVI. mendean, balearen eta bakailaoaren arrantza-industria garatzen hasi zenean, emakumeek askotariko lanak egiten zituzten, arrantza barne, eta batzuk itsasontzien jabeak izan ziren. Gaur egun dokumentatuta dago emakumeek lurrean izan duten protagonismoa. Kontua da, orduan, nola izan ziren kanporatuak ontzietatik eta arrantzari buruzko kontakizun handietatik. Eta hor edozer gauzak balio izan du, sineskerietatik hasi eta gobernu-araudietaraino», gaineratu du.

Manuel Valdes Pizziniren eta Mikel Otxotekoren testuek osatzen dute katalogoa. Lehenak Puerto Ricok bakailao arrantzarekin izan duen harremana aztertu du eta horren berri eman dio artistari. Bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre-kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon.

Artea Abian izeneko egitasmoaren barruan gauzatu du Otxotekok proiektua. Kutxa Fundazioak eta San Telmo museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Gaur irekiko ditu ateak urtarrilaren 7ra arte.

.