GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
IDURRE ESKISABEL
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Oraindik ere kosta egiten da oinarrizko eskubideez ari garela ulertzea»

Kongresuak asteartean onartu zuen hizkuntza koofizialetan hitz egiteko aukera emango duen lege aldaketa. Europar Batasunak ere izan zuen eztabaidagai, baina erabakia atzeratu du. Atsekabez hartu du atzerapen hori Euskalgintzaren Kontseiluak.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia Naiz Irratian izan zen atzo, azken berriei buruz solasean. Atsekabez hartu zuen Europar Batasunak hizkuntza koofizialen erabilerari buruzko erabakia atzeratu izana. Eta are gehiago atsekabetu zuen Jose Manuel Albares Atzerri ministro espainiarrak esandakoak, Estatu espainolak ofizializazio prozesuan katalana lehenetsiko zuela aditzera eman baitzuen.

Albaresek ez du adierazi euskararenganako ez konpromiso ez egutegi zehatzik. Bestalde, atzean hizkuntza-auziaren planteamendu oker bat dagoela ohartarazi zuen Eskisabelek, hizkuntzen garrantzia hiztun kopuruaren arabera irakurtzen duena.

Bereizketa hori ika-mika sortzeko baliatu izana kezkagarria da, Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz. Izan ere, gutxituak daudenak etsaitzea menperatzaileen estrategia ohikoa izan dela nabarmendu zuen. Alderdien arteko tirabiretan sartu nahi ez zuen arren, espainiar Estatuko testuinguru politikoa elementu baldintzatzailea dela azaldu zuen. Dena den, «horren gainetik dauden hizkuntz eskubideen defentsan» jarri zuen arreta.

«Zoritxarrez, oraindik sektore zabaletan kosta egiten da oinarrizko eskubideez, giza eskubideez ari garela ulertzea, eta berdintasunean, justizia sozialean eta gizarte kohesioan aritzeko eta areagotzeko ezinbesteko baldintza dela jabetzea», azpimarratu zuen.

Zati txiki batean da ofiziala

Katalunian, Pere Aragonesek iritzi artikuluak idatzi ditu nazioarteko hainbat hedabidetan. Plataforma Per la Llenguak, Pep Guardiolak eta Joan Laportak babestu dute, besteak beste. Katalunian ez bezala, Euskal Herrian ez da hainbeste presio instituzional eta sozial antolatu Europar Batasunean euskararen ofizialtasuna lortzeko bidean. Eskisabelek aipatu zuen garrantzitsua dela kontuan hartzea egun euskara ez dela ofiziala Euskal Herri osoan eta, horrez gain, ofiziala den lurraldeetan ere trabak handiak direla.

Gaztelania, ororen gainetik

Kontseiluko ordezkariak adierazi zuenez, «gaztelania dago guztiaren gainetik. Azken judizializazio kasuak dira horren lekuko. Administrazio publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko urratsak atzera botatzen ari dira botere judizialetik. Hizkuntzaren biziberritzean aurrera egiteko politika publikoak aurrera eramateko eraiste bat gertatzen ari da. Azken adibidea Udal Legearen artikulua izan zen, udalei euskaraz funtzionatzeko aukera zabaltzen diena, Konstituzionalak uztailaren 6an atzera botatakoa. Gure lurraldean egoera hori edukita, Europako ofizialtasunaren aukera eta eztabaida zabaldu denean ere, ‘ongi etorri’ esan dugu, gure eremuan ditugun zailtasunen paradoxa nabarmenago utz dezakeelako eta pentsatuta Europan ofiziala izateak gure eremuan ere ofizialtasun berme handiagoak eman ditzakeela sortzen ari zaizkigun hainbat erasoren aurrean».

Indarrak zentratuago dituzte Euskal Herrian. Hala eta guztiz ere, euskararentzako onuragarria izango den zalantzarik ez du, hizkuntzari prestigioa ematen lagunduko baitu. Europan oraindik ez, baina Madrilgo Kongresuan astearte honetan entzun zen lehen aldiz euskara. Begi onez ikusi zuen urratsa Kontseiluak, nahiz eta berandu iritsi.