GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ainhoa»: arrakasta eta boikota, urtebeteko bidean

«Black is beltza II: Ainhoa» filmeko irudi bat.

«Ibilbidearen balantzea oso-oso ederra da, baina latza ere izan da». Horrela laburtu du Fermin Muguruzak orain urtebete estreinatu zen “Black is beltza II: Ainhoa” filmaren ibilbidea.

Sevillan izandako Goya sarietan ikusi ziren bi aurpegi horiek aurrez aurre: batetik, animaziozko film onenerako izendapena, eta parean, eskuin espainiarraren boikot saiakera. Egun horien bueltan ari ziren negoziatzen Netflixekin, saileko lehen pelikularekin egin bezala, plataformak zabal zezan bigarren lan hau. «Ez hartzea erabaki zuten. Jarraituko dute Euskal Herriko beste pelikula batzuk ateratzen, baina errelato ofizialarekin bat egiten dute eta ‘Black is beltza II: Ainhoa’ filmak ez du hori egiten».

NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan ate irekiez eta itxiez mintzatu da Muguruza: «Euskaldunok oraindik kontatu nahi badugu beste zerbait errelatoaren inguruko bataila horretan, badakigu zer tokatuko zaigun». Espainiako Estatuan jasandako presioa handia izan da; «eta horrek eragina du, inork ez nau eraman nahi. Edozein ekitaldi antolatzean bitan pentsatu behar dute gonbidatzen nauten edo ez, aukera dagoelako kalapita sortzeko eta halakoetan nahiago izaten du antolatzaileak zalapartarik ez sortzea».

GARAI BATEN LEKUKOTZA

Iazko irailean estreinatu zen “Black is Beltza” saileko bigarrena Donostiako belodromoan eta bide luze eta emankorra izan du. Hainbat tokitan bi hilabetez izan dute ikusgai, Europako hamar bat zinema jaialditan erakutsi dute, Amerikan ere eman dute eta hainbat sari jaso ditu, «izugarria da horrelako animazio film batek halako ibilbidea izatea», esan du Muguruzak.

“Black is Beltza”-ko Manexen alaba, Ainhoa, da bigarren film honetako haria. Bolivian jaioa da eta ama atentatu parapolizial batean hil zioten. Kuban hazi ostean, 1988ko Euskal Herrira doa. Garaiko errepresioa, drogaren sarrera eta urte nahasiak gogoratuko ditu ikusleak haren eskutik; Libano, Afganistan eta Marseillara ere joango da, narkotrafikoaren mundu ilunean eta sare politikoekin dituen lotura estuetan zehar.

DVDA BIDEA BOROBILTZEKO

«Baten batek esango du zoratuta gaudela DVDa ateratzegatik. Hala da, baina nik uste dut jendeak nahi duela eskuetan izan lan hau». “Black is Beltza”-ren lehena ere GARArekin banatu zen: «Sekulako harrera izan zuen; 3.000 DVD banatu genituen eta agortu egin ziren». Orain? «Ez dakit, bagoaz berriro kioskoetara GARAren konplizitatearekin. Ni konbentzituta nago jendeak nahiko duela; sekulako mimoarekin prestatu dugu».

Filmaz gain, “Ainhoa” dokumentala aurkituko du irakurleak DVDan, estra pila batekin. «Oso garrantzitsua da niretzat film hau», dio Muguruzak; «gure errelatoa dago hemen, gogo izugarria neukana kontatzeko, nire esperientzia dago hemen! Errelatoa kontakizun askorekin egingo dugu eta nik ere beharra nuen nirea kontatzeko».

Iñigo anaiari eskainia da, baina izen pila bat dakartza gogora Muguruzak; Jabier Salutregi “Egin”-eko zuzendari izandakoa, Carlos “Undergroove” diseinatzailea, baita filmean parte hartu duten aktoreak ere: «Antonio De la Torre, adibidez; berak kontatzen du dokumentalean zergatik parte hartu duen, jakinda horrek zer ekar diezaiokeen, edo Ariadna Gilek edo Euskal Herriko guztiek...». Puntako izenak ageri dira ahotsetan: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Joseba Sarrionandia...

SENTSAZIO SENDAGARRI BILA

Garai baten errelatoa da “Black is Beltza II: Ainhoa”. «Hala da, hor dago errelatoa, baina nire ibilbide osoan bada konstante bat, garrantzi handia ematen diot ludikotasunari», dio Muguruzak. «Dokumentalgintzan hasi nintzenetik musikak beti izan du protagonismoa, gaitasuna duelako tekla batzuk ukitu bihotzean eta burmuineraino iristen diren sentsazio sendagarriak sortzeko».