GARA Euskal Herriko egunkaria

AEBak-Vietnam: Txina gogaituz eta Errusia baztertuz, armen salerosketarako tratuan

Gerrako etsai zaharrak adiskidetu dira. AEBek eta Vietnamek, elkartze-hitzarmen estrategikoa sinatu ondoren, armen salerosketa handi bat aurreratuta dute. Geopolitikaren ikuspuntutik, Pekinek eta Moskuk badituzte kezkarako arrazoiak.

AEBak aztertzen ari diren akordioak F-16 hegazkinen salmenta jasoko luke. (Javier TORRES | AFP)

Sekreturik gabeko sekretua da jada, agerikoa. Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioa Vietnamekin tratuan dabil, estatubatuarrei gerra bat irabazi eta Gerra Hotzean elkarren etsai izan ziren herrialdeen artean historiako armen salerosketa handiena ixteko. Iturri ezberdinen arabera, akordioaren azken detaileak ixteke dauden arren, nahiko aurreratuta daude negoziazioak. Eta armen salerosketa erraldoi hori baieztatuko balitz, Washington-Hanoi aliantzak beste dimentsio bat hartuko luke, Pekin eta Moskuren kezka eta haserrerako.

Aurreratu denaren arabera, Vietnamek bere itsas eremua zaintzeko gerra hibridorako armak eskuratuko lituzke, besteak beste F-16 gerra hegazkinak. Noiz eta Asiako ekialdeko herrialdeak, bere auzokide erraldoiarekin, Txinarekin, tirabira handiak dituen honetan, bereziki Txinako Hegoaldeko itsasoko (Vietnamen Ekialdeko Itsasoa deitua) ur-eremu, uharte eta arrezife askoren inguruan. Bistan da Pekinek errezeloz begiratuko duela aliantza berria; are, Taiwanen, Filipinetan, Japonian eta Hego Korean AEBak indartzen ari diren azpiegitura militarrak Txina setiatzeko saio bezala ikusten ditu.

ARRAUTZAK OTAR BEREAN EZ

Iturri ezberdinen arabera, Washington bere ekipo militar garestiak ordaintzeko finantza-baldintzak leuntzea aztertzen ari da, jakin badakielako Vietnamek likidezia arazoak dituela eta tradizionalki merkeagoak diren Errusiar armekiko mendekotasuna izan duela. Are, Errusiak prezioen beherapenak egingo lituzkeela historikoki bere bezeroa izan dena ez galtzeko. Kontuan hartu behar baita, Ukrainako gerrak Hanoi eta Moskuren arteko aspaldiko harremana dezente zaildu duela, bereziki Errusian ekoitzitako armentzako hornidurak eta ordezko piezak lortzeko orduan.

Hala ere, Vietnamdarrek ez dituzte arrautza guztiak otar bakarrean jarri nahi. AEBekin tratuan ari diren une berean, Moskurekin ere hizketan ari dira, arma salerosketa berriak helburu. Ikusteko dago Errusiarekin tratuok gauzatuko balitu, AEBek zigor ekonomikoak ezarriko zizkioketen ala ez, edo Errusiarrei historikoki berea izan den pastelaren zati bat kentzearekin konformatuko litzatekeen. Koska hor dago.

Baina, oro har, aditu guztiak bat datoz: AEBek eta Vietnamek segurtasun mailan gero eta harreman emankor eta etorkizun oparoagoa dute, interes handia du Hanoik estatubatuarren hainbat arma sistemetan, batez ere bere agindupeko urak monitorizatu eta defendatzeko ahalmen asimetrikoetan.

Horri guztiari poliki-poliki forma eman eta aurreratzen ari dira vietnamdarrak, baina Txinaren erantzun bat sorrarazi gabe egin nahi dute, oreka ekintza aski zailean bilatuz.

Bestalde, Vietnam, Filipinak eta Taiwan bezalakoak armatzeak beste eskualde batzuetatik kentzea suposatzen du. Eta zentzu horretan, begi-bistakoa da Ekialde Hurbilera bideratzen zituzten armetarako diru eskaintzak Indo-Pazifikoko «sozio» berri hauetara bideratzen ari direla, Txinari erresistentzia egiteko aukera bakarra izango delakoan.

PUZZLEAREN PIEZA

Nazioarteko harremanetan, aldaketa edo txilinbuelta estrategikoak ez dira ezohikoak, egiturazko errealitate anarkikoen parte dira. Hala ere, Gerra Hotzetik gaurdaino Vietnam eta AEBen arteko harremanetan egon den aldaketa erradikalaren neurria itzela da.

Ez da bakarrik bi herrialdeen arteko gerraren memoria eta bere zaurien orbaina. Txinaren kontrako etsaitasunen geopolitika Vietnam inguratzen duten uretan sentitzen da ia-ia irakiten, bere garraztasun osoan. Vietnamek defendatu egin nahi ditu, eta AEBentzat, herrialde hori da Indo-Pazifikoko puzzlean falta zaion pieza.



Vietnamgo «lau ezezko»-en politikaren benetako proba

Vietnamgo kanpo eta segurtasun politikak lau hanka izan ditu. Izenez ere horrela deitzen zaio: «Lau ezezkoen» politika. Aliantza militarretan parte hartzeari, ez. Herrialde bat erasotzeko beste herrialde batekin lerratzeari, ez. Vietnamgo lurraldea atzerriko armaden erasorako palanka egiteari edo base militar atzerritarrak ezartzeari, ez. Nazioarteko harremanetan indarra erabiltzeari, edo hala mehatxatzeari, ez. Hori izan da historikoki beren posizioa, eta hamarkadetan nahiko gustura ibili dira.

AEBekin egin dituzten tratuokin, eta Errusiarekin dituztenekin, oreka joko horrekin guztiarekin, gauza pare bat nabarmentzen dira: arrautza guztiak otar berean ez dituztela jarriko eta Txinaren aurrean hobe dutela erraldoi bat baino gehiago sostengatzea. Baina bistan da Vietnam eta AEBak ohekide bitxiak direla, kultura, ideologia, sistema politiko eta mundu ikuskera oso ezberdinak dituztenak. Gauzak horrela, «Txinaren mehatxuaren» aurrean ohea partekatzeak zenbat iraungo du? GARA