GARA Euskal Herriko egunkaria

Belodromoa bete da, soinu-banden olatua hartzeko

Filmetako soinu-banden interpretazio sinfonikoak eskaintzen dituen ‘‘Kontzertua & Proiekzioa’’ emanaldia egonkortu da jada. Gonbidapenak agortuta, Belodromoa jendez lepo egon zen atzo, filmetako emozioak entzumenaren bidez jasotzeko prest. Musikagileetariko batzuk ere izan ziren, ‘‘Irati’’ eta ‘‘Nora’’-ren soinu-banden egileak tarteko.

Publikoa, musikariei adi begira, eta 400 metro koadroko pantaila. (GARA)

Eserleku huts gutxi ikusi genituen atzo eguerdian, Zinemaldiaren testuinguruan, Euskadiko Orkestrak eskaini zuen ‘‘Kontzertua & Proiekzioa’’ emankizunean. Doako sarrerak agortuta, saioa hasi baino ordu erdi lehenagorako Belodromoko 400 metro karratuko pantaila erraldoiaren pareko eserlekuak beteta zituzten ikusle goiztiarrenek; jende oldearen artean, gazterik -eta haurren bat edo beste- ikusi bagenuen ere, batez bestekoa 55 urtetik gorakoa izan zen nabarmen. Horra, musika sinfonikoaren erronketako bat.

Programan, sei proposamen: Ivan Palomaresek ‘‘Las niñas de cristal’’ filmerako sortutako soinu-banda, Victor Reyesek ‘‘Love gets a room’’-erako konposatutakoa, ‘‘Modelo 77’’ filmari Julio de la Rosak jarritakoa, Maite Arroitajauregi ‘‘Mursegok’’ eta Arantzazu Callejak ‘‘Irati’’-rentzat egin zutena, Paula Olazek ‘‘Nora’’ filmerako osatua eta, azkenik, Fernando Velazquezek ‘‘Momiak’’ animazio filmerako konposatutakoa. Eta, oholtzan, Euskadiko Orkestra eta Oñatiko Ganbera Abesbatza (‘‘Las niñas de cristal’’, ‘‘Love gets a room’’ eta ‘‘Modelo 77’’ filmetako soinu-banden interpretazioan), guztiak Juan Jose Ocon donostiarraren zuzendaritzapean.

Hamabietan puntuan, Aizpea Goenagak, aurkezle lanetan, ongietorria eman eta oholtzara igoarazi zituen bertan ziren soinu-banden egileak. Hitz batzuk ere eskaini zituzten, saioaren abiapuntu gisa. Callejak ‘‘Irati’’-ko soinu-banda formatu sinfonikoan entzuteak egiten dion ilusioa nabarmendu zuen, «ez baita ohikoa, eta guretzat luxu bat da, benetan zirraragarria», ziurtatu zuen. Bertan izan ziren, baita ere, filmeko zuzendari Paul Urkijo, jantziteriaren arduradun Nerea Torrijos eta Xabier Zeberio musikaria. Arroitajauregik bere egin zituen Callejaren hitzak, eta eskertza egin zion ‘‘Irati’’-ko lantalde osoari, baina batez ere «musikariei, beraiek egiten dutelako posible hau guztia».

Ivan Palomaresek, bere aldetik, ‘‘Las niñas de cristal’’ «artearen sakrifizioaren gaineko filma» dela azaldu zuen, «baina baita adiskidetasunaren gainekoa ere». «Biba musika!» esanez amaitu zuen bere parte-hartzea.

Paula Olazek ‘‘Nora’’-rako sortu zuena bere lehen soinu-banda izan zela ekarri zuen gogora, Pascal Gaignerekin batera eraikia. «Musikak ate asko irekitzen dizkizu eta horregatik nago gaur hemen. Eskertza berezia egin nahi diot Pascali, zinemaz asko ikasi dudalako, esaten denaz eta esaten ez denaz», aipatu zuen.

EMOZIOAN, BEHETIK GORA

Emanaldiari hasiera ‘‘Las niñas de cristal’’ konposizio fin eta lirikoarekin eman zioten, eta amaitzean, Oconek oholtza utzi eta harmailetara egin zuen jauzi, Palomaresi eskua eman eta, hark sortutako partiturak goratuta, konposizioengatik eskertza egiteko. Gauza bera egin zuen ‘‘Irati’’ eta ‘‘Nora’’-ren interpretazioen ostean, musikarien arteko errespetu eta kidetasuna agertuz. Konpositoreek, aldi berean, musikariek egin duten konposizioen interpretazioak txalotu zituzten.

Eta hala joan zen emankizuna, ‘‘Love gets a room’’-en egonezinetik ‘‘Modelo 77’’-ren tentsiora, ‘‘Irati’’-rekin fantasiazko doinuetara bidaiatu eta ‘‘Nora’’-ren partitura jostarietaraino, programa Velazquezen ‘‘Momia’’-rekin itxi arte: erritmo bizien artean, filmeko kantu nagusiaren euskarazko bertsioarekin -euskara izan da saioan entzun den hizkuntza bakarra, eta birritan gainera, ‘‘Irati’’-n ere aditu baita- amaitu zen saioa. Publikoak gogoz txalotu zituen musikariak, askok eserlekuak bizkor utzi bazituzten ere.