GARA Euskal Herriko egunkaria

Militantzia feministara jauzi egiteko tranpolin eta flotagailua

«Freskotasuna» omen dakar gaztetasunak, baina esperientzia falta ere badakar, edo seguru ez sentitzea, bai, bederen. 2018ko greba feministak emandako bultzadatik, Euskal Herriko Neska* Gazteak tokian-tokian antolatzen dira, baina nazio mailan saretu eta mugimendu feministari ekarpena egiteko asmoz, problematika eta alternatiba propioak ere lantzen dituzte.

Martxoak 8ko mobilizazioetan deialdi feministarekin bat eginez, neska gazteen aldarri propioak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Duela bost urteko greba feministaren testuinguruan, «olatu feminista» deiturikoak blaitu zituen euskal herritar askoren kontzientziak; Euskal Herriko Neska* Gazteak ere garai horretan ari ziren egituratzen, nahiz eta gazte espazio propioak sortzeko beharraz hausnarrean 2016an hasi ziren, Gazte Mugimenduaren GaztEraiki topaketetan.

Ikastetxean zeuden garai horretan Enma Murillo San Miguel (Barañain, 2001) eta Uxue Alkorta Iturbe (Zarautz, 2001); orain, greba feminista orokor bati begira daude. Eta bi mugarrien artean, neska gazteen subjektuaz, problematika propioez, zaintzaz eta mugimendu feminista neska gazteen mugimenduarekin nola lotzen den eztabaidatu dute, besteak beste.

«2018ko greba feminismoak zure errealitatean lur hartzeko modu bat izan zen, zure sentitzekoa eta gizarte feminista batean bizitzea posible dela ikustekoa», esan du Murillok, gauzak aldatzeko aukera gisa bizi izan zuela gehituz. Baina gaurko ikuspegitik ñabardura bat eransten dio, herriko mugimendu feministan gazte gutxi sumatu zituela eta neska gazteen mugimendua feminismoan militatzen hasteko «gertukoagoa» dela uste du. Berak hala egin zuen jauzi, eta sare horretan dabil ordutik.

Alkorta Euskal Herriko Neska* Gazteek Elizondon antolaturiko Baterajotzearen ostean hasi zen feminismoan militatzen: «Zure errealitatea zeharkatzen duenean hasten zara militatzen, eta mugimendu feministan genituen ereduak nahiz eta partekatu, batzuetan gazteoi urrunago geratzen zaizkigu. Zuk zure errealitatea duzu, beste batek beste bat du, baina ortzi-muga bera dute», azaldu du.

Murillok aitortzen du bere herriko biztanleriari loturik, mugimendu feminista ere zaharra dela, eta harreman ona zein helburu berak partekatu arren, neska gazte taldeak gerturatu zuela feminismora: «Ez ditugu problematika guztiz berdinak, eta neska gazte taldea aukera bat izan zen buruan nituen ideiek lur hartu zezaten eta esateko: ‘bale, hau da nik nahi dudana eta borrokatuko dudana’». Jarraipena behar duen mugimendua da feminismoarena, bi gazteen iritziz, eta «zubiak eraikitzearen» funtzioa ere betetzen du.

FEMINISMOAN HEZITAKO BELAUNALDIAK

Feminismoak jada presentzia eta indar bat zuenean hezitako belaunaldia da beraiena, Murillo eta Alkortaren iritziz, eta horrek asko erraztu diela uste dute: «Gure aurreko belaunaldiak oinarriak eta bideak zabaldu zituelako gaude gu hemen». Eta miresmenez bezainbesteko inbidiaz begiratzen diote hurrengo belaunaldiari: «Nik 13-14 urte nituenean ez nuen feminismoaz hitz egiten, eta orain adin horretako neskak talde feministetan daude, ikusita zein ideia dituzten, nola ikusten duten mundua, herria, beraien ikaskideak… oso aberasgarria da bizitakoa», kontatu du Murillok. Feminismoa zer den jakitun hezi izanak abantaila batzuk eman dizkiela aitortzen du Alkortak ere: «Zerotik ez haste horrek gazte perspektiba txertatzeko aukera ematen du: oinarri batzuen gainean hausnartzea eta, ondoren, zenbait kontu zalantzan jarri ahal izatea». Murillok berehala heldu dio kidearen ideiari, eta azaldu du beraien belaunaldia askoz «ohituago» dagoela guztia zalantzan jartzera: «Gure bizitzan horren presente dagoen gai bat denez, askoz planteamendu eta problematika gehiago ikus ditzakegu; horiei guztiei erantzun bat ematea da gure erronka».

Erronka bikoitza dute, ordea, neska gazteek; izan ere, bi norabidetan egin behar izaten dute lan: batetik, mugimendu feministan gazte ikuspegia txertatzea eta problematika zein alternatiba berriei bide ematea; eta, bestetik, gazte mugimenduan eragitea ikuspegi feministatik. Mugimendu feminista «freskotzen» laguntzen dutela uste dute, aurrez aipaturikoek ezaugarritzen baitute beren pentsamolde eta belaunaldia, eta zalantzarik gabe elkarlanean aritzen direla azaldu dute, elkarrengandik ikasiz eta elkarri irakatsiz.

Baina gazte mugimenduarekin harremana zenbaitetan korapilatsuagoa izaten omen da: «Gazte mugimenduan gizonen partetik zapalkuntza batzuk jasotzen ditugun momentuan, derrigorra da espazio ez misto batzuk egotea elkar zaintzeko eta gazte mugimendua feminista bilakatzeko planteamenduak lantzeko. Bide hori oztopatzen dutenekin zailagoa da urratsak egitea». Eta neska gazte taldeak dira espazio ez misto erosoak, elkarrizketatuen ustez, gazte problematikak neska* gazte subjektuari bereziki nola eragiten dion aztertzeko, eta bestetik, gazte mugimendua eraldatzeko bideak pentsatzeko.

LEKUA ETA UNEA

Lurretik hitz egiten dute bi gazteek, pentsatutakotik baina bizitakotik. Eta oreka horren baitan antolatzen dira; «egituraketa nazional» bat badutela diote, baina tokian tokiko eta unean uneko problematikei erantzutea oinarri duen mugimendua omen da beraiena. «Pentsamendu bateratu bat dugu, baina ulertzen dugu oso ezberdinak direla herri edo lurralde bakoitzeko problematikak», eta, beraz, malgutasun horrekin, baina helburu partekatu berarekin jarraitzen dute lanean. Intersekzionalitatea da gakoa, beraien ustez, mugimendu feministako ildo bakoitzak bere lekua izatea ahalik eta problematika gehienei erantzuteko.

Momentuari eta testuinguruari pausatuta, Alkortak hau bota du: «Feminismoa oso azkar eraldatzen doan mugimendua da, eta unean uneko erronkei erantzutea da gure helburua». Eta nahi gabe bezala, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen greba orokor feministaz eta zaintzaz hizketan hasi dira.

Zaintzaren pribatizazioaren aurka borrokatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie bi gazteei, baina neska gazteen kasuan zaintzak nola eragiten dien hausnartzea garrantzitsua dela uste dute: «Bikote hetero baten barruan neskak nola hartzen duen gizona zaintzeko erantzukizun afektiboa, ikasketetan zaintza lanen errotik doazen ikasketak nork hautatzen dituen, prekaritatearen eraginez umeen zaintza lanetan nor erortzen den…».

Hala ere, biak ados dira kontuan hartu beharrekoa «zaintzak gehiago zapaltzen duen jendea» dela, eta horri ikuspegi intersekzional batetik heldu behar zaiola: «Pribatizazioak nola eragiten dion sistema honen barruan hegemoniatik ateratzen denari». Eta Murillok mahaigaineratu du solasaldian elkartutakoek «pribilegio» batetik hitz egiten dugula, eta zaintza lanek gehien zapaltzen dituztenei ere ahotsa eman behar zaiela.

Euskal Herriarentzat zein mugimendu feministarentzat mugarria izan zen gertakari batekin abiatu dugu elkarrizketa, eta ohartzerako epe ertainean dagoen beste mugarri batez hizketan amaitu dugu. Gazteek argi dute: «Euskal Herri feminista bat nahi badugu, gure bizitzako eremu guztietara iritsi behar dugu».