GARA Euskal Herriko egunkaria

Ingeles bat Bidarten


Egiaz ez zen ingelesa, estatubatuarra baizik, baina ez du axola, edozein herrialde inperialistetako edozein hippy izan zitekeen, iparramerikarra, ingelesa, frantsesa edo espainola. Izenburuarekin Sting abeslariaren kantuari egin nahi izan diot erreferentzia, alegia, “Englishman in New York” abestiari, nahiz eta kontatzera noanarekin inongo loturarik ez duen; edo agian bai?

Izenburu egokia “iparramerikar bat Bidarten” litzateke, kontatzera noana Bidarten gertatu baitzen. Baina beste edozein lekutan izan zitekeen, herrialde desberdinetako baina profil berdineko hiritar kolonizatzaileekin.

Hogei bat lagun ginen urautsian, olatu txikiak eta erreka haizea, giro bikaina. Estatubatuar bat iritsi eta denen erdian eseri zen, lotsagabe ingelesez hitz egiten hasi zen eta ulertzen ziotela erakutsi nahi zuten inguruko frantses guztiak ingelesez hitz egiten jarri zituen. Frantsesek oso gaizki hitz egiten dute ingelesez, esaterako, “h” ez dute ahoskatzen, baina horrez gain, orokorrean oso txarrak dira beste edozein hizkuntza ikasteko; alegia, edozein herrialde inperialistetako edozein hiritar bezala, beharrik ez dutenez, ez baitaude saiakera txikiena egitera ohituak. Ordea, beste herrialdeen gainetik daudela sinesten duten inperialistek beste batzuen azpitik daudela ere pentsatzen dute, horregatik haien gainetik daudenekin saiatzen dira. Ia guztiek onartzen dute estatubatuarren edo ingelesen azpitik daudela, beraz, hizkuntza nagusia, guztien gainetik dagoena eta guztiok jakin beharko genukeena, ingelesa da. Horregatik, haien gainetik beste inor ez dagoela uste duten bi potentzia nagusiak ingelesak eta estatubatuarrak dira.

Imajinatzen duzue Italia, Portugal edo Espainiako surflari bat Bidarteko urautsira iritsi eta bere hizkuntzan hitz egiten? Ingurukoek autoak garbitzera edo klinexak saltzera bidaliko lukete, frantses garbian. Baina estatubatuar bat ez, hura haien gainetik dagoela uste baitute.

Eta imajinatzen duzue euskaldun bat Bidarteko urautsira iritsi eta euskaraz hitz egiten hasten dela? Orduan zer gertatuko litzateke? Tira, ba nik erantzungo dizuet, zeren proba egin dut. Lehenik, inork ez dizu erantzungo, auskalo haien buruetatik zer pasatzen den, baina existituko ez bazina bezala izango da. Uste nuen bortitza izango zela, baina ez, soilik ikusezin bilakatzen zara. Bestalde, ez saiatu bertako euskaldun baten babesa bilatzen, zeren ikusezin denentzat bilakatzen zara. Euskaldunak Euskal Herrian ikusezinak gara, baina entzun, ulertzen ez gaituzten arren, entzuten gaituzte, baita nahi ez dutenean ere. Egin proba, merezi duen esperientzia da.