GARA Euskal Herriko egunkaria

Dokumentalak, emakumeak fikziora iristeko bidea

Emakume zinemagileen artean orokortua dagoena baieztatu zuen atzo Kitty Green zuzendari australiarrak: industrian egin beharreko bidea ez da batere erraza, eta, gauzak horrela, dokumentalgintzaren aldeko apustua egiten dute, lehen urrats bezala. Noski, tartean badira bidea sorkuntza bulkadak horrela bultzatuta aukeratzen dutenak ere.

Kitty Greenek orain arteko ibilbidearen berri eman zuen atzo Tabakaleran. (Gorka RUBIO | FOKU)

Dokumentalgintzak aurrekontu murritzagoa eskatzen du, eta horrek animatuta ekiten diote emakumezko zinemagile ugarik. Baliabide urriagoekin proiektuak aurrera atera daitezke. Horrek autonomia handiagoa ere ematen die. Kitty Green horren adibide da. «Ez zenuten irudikatu ere egingo zenbat kostatu zitzaigun ‘The assistant’ filmaren finantzaketa lortzea!», esan zuen.

«Hamaika urterako banekien filmak egin nahi nituela», kontatu zuen. «Ikasketak egin ondoren, ordea, inork ez zuen nahi nik filmatzea. Horrexegatik hartu nuen dokumentalen bidea», aitortu zuen. “Casting Jon Benet” (2017), “The Face of Ukraine: Casting Oksana Baiul” (2015) eta “Ukraine Is Not a Brothel” (2013) dira emaitza. Elkarrizketak, Pentsamendua eta Eztabaida atalean, Tabakaleran, eskainitako solasaldian egin zuen aitorpena.

Bere bigarren film luzea “The Royal Hotel” Urrezko Maskorra irabazteko lehian da. Dokumentalak ez ezik, AEBetan telebistan ere lan egin behar izan du bere balioa frogatzeko. «Sistema nahasia da AEBetakoa. Telebistako saioak zuzentzea onartu behar duzu, gero zineman laburmetraiak egin ahal izateko. Bi kapitulu zuzendu nituen eta asko ikasi nuen. Sekulako lantaldea zeukaten! Une batez Ferrari baten giltzak eskuan izatea bezalakoa da», gogoratu zuen. Aurrekontu murritzak lana asko baldintzatzen du. «Inprobisatzea gustatuko litzaidake, baina denbora gutxi daukat eszena bakoitza filmatzeko, ez didate horretarako aukerarik ematen. Orain hirugarren filmerako negoziaketatan ari nai. Horixe eskatzen diet, denbora gehiago filmatzeko».

Emakumeen zailtasunen beste adibide bat eman zuen. «Oso neketsua da inora proiektu berria aurkeztera heldu eta zineman dudan ibilbidearen berri eman behar izatea. Gizonezkoei ez zaie hori gertatzen. Narruzko jaka soinean duen gizona irisi eta denek dakite zuzendaria dela», adierazi zuen.

Bere bi lan luzeetan antzeko egoera planteatu du. «Euren lanpostuetan aurkeztu ditut emakumeak. Ez da gauza handirik gertatzen, emakumeak bizi eta lan egiten duten espazioak dira. Ez daude eroso, estuasuna sentitzen dute, baina ez dakite esan ala ez. Zein dira arauak? Eta batzuetan gauzak kontroletik kanpo geratzen dira», zioen.

Ikuspegi feminista aldatzeko presiorik izan duen galdetuta, hauxe kontatu zuen: «Oso ezaguna den aktore batek esan zidan ‘The Royal Hotel’&flexSpace;filman parte hartuko zuela, bukaeran gizonezkoak garaileak baziren. Eta ez da hori kontua». Idaztea du gustukoena sorkuntza prozesuan. «Filma bisualizatzea. Baita alor teknikoa ere, mapping-a, kameren mugimendua... oso interesgarria egiten zait». “The Assistant” filmak Harvey Weinsteinen kasuan du inpirazio iturria. «Baina beste edozein izan zitekeen, asko daude bera bezalakoak. New Yorkeko enpresa batek kontratatzen du eta ohartzen da jazarri egiten duen gizon batentzat lanean ari dela», esan zuen. «Nire asmoa ez zen Weinsteni buruz hitz egitea, lan arloan dagoen ustelkeriari eta jazarpenari buruz baizik. Emakume asko elkarrizketatu nituen era horretako lanpostuetan ari direnak. Zerk eragozten du eskailera mailan gora egin dezaten? Jokatzen duten rolean, aurrera egin eta botere postuetara iritsi ezinik daude». Zinemagintzan bere bidea egin nahi dutenei gomendioa egin zien: «Ekin dokumentalak edo laburmetraiak egiteari. Kamera -sakelakoa izan daiteke- eta zu, beste inor ez... Islatu nahi duzun istorioa pasioz bizitzen baduzu eta zure burua egin dezakezula konbentzitzen baduzu, aurrera egingo duzu».

Ez da AEBetara joateaz damu. «Zortekoa naiz, amestu nuena egiten ari naiz. Nik neuk idazten ditut gidoiak eta ez naiz inoren mendekoa. Zabor asko dago Hollywoodeko gidoien artean. Ideia originalagoak bilatu behar dira».