GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Etxekoei


 

Egia da gudari guztiak egiten zaizkidala maitagarriak, nola ez! Baina etxekoek berea izango dute maiteena, eta hori da niri ere gertatzen zaidana. Bestalde, militantziak badu non aukeratua, hirurogei urtetako borroka zintzoak bezain latzak era guztietako militantzia utzi baitigu, nor baino nor ederrago. Lorez beterik daukagu Euskal Herriaren baratze galanta, usain goxoz inguratua, maitasunaren ispilu dena. Hor daude gure kuttunak, zilbor hestetik loturik balira bezala, ez baitugu bizitza ulertzen haiek gabe.

Hil hau nahiko mingarria egiten zait, Jokin ondotik joan zenetik. Gudari Eguna debekatu badigu etsaiak, ez daki ondo zer egin duen, gero eta omenaldi ugariago egiten baitira Euskal Herriko lurralde osoan. Azkenean ez dugu jakingo etxera noiz sartu behar dugun horrenbeste besarkada, musu, ongi etorri, zer moduz, osasuna goraipamen, maitasuna dariolako enkontru eta omenaldietan.

Beharrezkoak dira. Zalantzarik gabe! Bat, eta lehen, merezi dutelako. Eta horregatik ezin dira geratu etxeko apal baten jarrita dagoen argazkian soilik, ezkutuan, baztertuta baleude gisa. Etxekoengatik ere lan egingo zuten, noski, baina borrokan jardun zuten etengabe hil arte, emakume eta gizon libreak biziko diren herria askatzen, ondorengoek denen artean eraiki dezaten. Eta bi, behartuta gaude hurrengo belaunaldiei altxor hau helarazten, gure historiaren oinarria izanik, zama baino laguntza izango zaielako independentzia osorako bidean. Hala eta guztiz ere, izandakoarekin ezin da soilik aurrera egin. Ederra eta nahi beste izenondok ez dute sortzen berez, biderako grina, ezta etorkizuna ilargiaren argiz argitzen ere, edota argiaren lehenengo izpiaren egu izen politez. Beste elikagai batzuez osatu beharko dute gaurko gazteek, hurrengo belaunaldiko gudariak izango baitira. Horixe da dagokiena, guztioi dagokiguna: belaunaldiz belaunaldi, norbere arrastoa utzi Euskal Herriaren eraikuntzan. Izan ere, herri librea izateko bidea ibiliz egin behar dugu.