GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskara erdigunera eramateko bidelagun izan nahi du Plazarak

Komunikazioa, formakuntza, aholkularitza eta plazagintza alorretan egitasmo zehatzak plantan emateko tresnak eskainiz, euskara «ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izateko» lan eginen du bere burua europar kooperatiba gisa irudikatzen duen elkarteak.

Azkaingo merkatu estalian agerraldia egin ostean, euskalgintzako hainbat ordezkariren babespean argazkia egin zuen Plazarak. (Patxi BELTZAIZ)

Europako Hizkuntzen Eguna hautatu zuen, atzo, Plazarak gaur arte eginiko bidea eta ondoko hilabeteetan egitasmo horrek izanen duen bilakaeraren berri emateko.

Azkaingo merkatu estalian egin zuten agerraldia oso eremu desberdinetan aritu arren euskara lanabes duten dozenaka eragilek, duela urtebete bost lagunek martxan eman zuten egitasmoa babesteko. Euskal Herriko txoko desberdinetatik helduta, denek anbizio bera partekatzen dutela erakutsi zuten. Hain zuzen, «euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izan dadila» dute xede.

Eneko Gorrik, bitartekaritzaren ardura duenak, azaldu zuenez, «erdaldunentzat euskara hurbilago izateko, euskaldunentzat presenteago eta egiturentzat praktikoago» jardungo du Plazarak. Egitura berria sortzen denean «pizten ohi den mesfidantza» uxatu nahian, hasieratik euskalgintzaren beste aktoreekin osagarritasuna landu dutela argitu zuen.

Urgentzia linguistikoak haka eskatzen duela uste du Plazarak. Bere aurkezpen agerraldiari begira landutako prentsa-txostenean jasotzen denez, «Ipar Euskal Herrian, 35-49 urte arteko populazioaren %85 erdalduna da eta ama eskoletan haurren %47k baizik ez du euskaraz ikasten».

Hori dela eta, «hizkuntza, herria eta herritarren arteko loturak behar direla indartu» aldarrikatu du Plazarak.

«Gure asmoa ez da jendea euskalduntzea, horretan biziki ongi ari diren eragileak badirelako, eta ez ditugu egiturak labelizatuko ere», zehaztu zuen ondoren Gorrik.

Haatik, euskalgintzaren egoera prekarioa dela mahai gainean jarrita, «aktore batzuk ‘basque-washing’ delakoa egiteko izan dezaketen tentazioa saihestu behar dela» ohartarazi zuen.

Dagoeneko hainbat egitasmo zehatz garatu ditu Plazarak, hala nola Euskarabentura edo Garabide elkartearekin, baita hainbat herriko etxerekin ere.

ATXIKIMENDU KANPAINA.

Euskararen inguruan sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeari begira, «laguntza tresnak eta zerbitzuak» proposatuko dituztela azaldu zuen Irati Fernandez Arbelaitz komunikazio arduradunak. Besteak beste itzulpenak, komunikazio kanpainak, gogoetaldiak eta euskara planak garatzeko laguntza teknikoa eskaintzeko asmoa du Plazarak.

Abenduan eginen duen Batzar Nagusiari begira mila bat atxikimendu lortzea helburu dutela azaldu zuen Xan Airek. “Plazatik altxa dezagun Plazara” kanpaina babestera deitu zuen, finean, joan den astean «abentura azkar honetara» batu zen Kamila Harluxetek.