GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskararen aurkako erasoei sendo erantzuteko deia Bilbon, azaroan

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko, tokian toki eta nor bere erara mugitzera animatu dute euskalgintzako kide ezagunek. «Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat» izango da manifestazioaren leloa. Euskalduna Jauregitik abiatuko da 17.00etan.

Euskalgintzako hainbat aurpegi ezagun. Aurrean, Idurre Eskisabel Kontseiluko lemazaina. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzo, Hizkuntzen Europako Egunean, euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariak elkartu ziren Bilbon, Euskalduna jauregiaren aitzinean, azaroaren 4an bertatik abiatuko den manifestazioari buruzko xehetasunak emateko. Azken urteetan euskararen alde egin den martxarik jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek. 17.00etan abiatuko da, eta udaletxean amaituko da.

Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sorta salatu zuten atzoko ekitaldian. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena eta euskara hizkuntza «zailegia» dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu zituzten.

Agerraldian izan ziren, besteak beste, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Agurne Gaubeka (Behatokia), Alizia Iribarren (AEK), Aize Otaño (AEK), Amaia Balda (Emun), Ibon Leibar (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin) Joxe Mari Sors (Elkar), Amagoia Mujika “Berria”-ko zuzendaria, Nerea Mujika (Gerediaga), Jasone Mendizabal (Topagunea), Amaia Zarrabeitia (Elhuyar), Iñaki Zabaleta (Eusko Ikaskuntza) eta Miren Segurola (UEMA).

KOSKA BAT GORA

Uztailaren 6an oldarraldiak beste kosta bat gora egin zuela azaldu zuten: Konstituzio Auzitegi espainolak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta.

«Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori», esan zuen Eskisabelek. Konstituzio Auzitegiaren sententziari emandako erantzuna ere zabala izan zela gogorarazi zuen: 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren uztailaren 13an EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, tartean, hiriburu eta hiri nagusietakoak, epaia salatzeko eta kezka larria adierazteko.

Maiatzaren 10ean lelo zehatzik gabe aurkeztu zuten ekimena, hain zuzen ere prozesu ireki moduan planteatu zutelako, eragileen ekarpenak jasotzeko prest. Horren emaitza da leloa: “Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat”. Eskisabelen hitzetan, «euskara guztiona da eta guztiontzako izan behar du. Oldarraldi judizialeko epaietan konstante bat da euskara segregaziorako, bazterketarako tresna dela adierazten dutela. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela».

Tokian toki mobilizatzera animatu zuten, ekimenak antolatuz, informazioa banatuz, edo jendeari manifestazioaren berri emanez. Alderdi politiko eta sindikatuetara ere zuzendu ziren. Atxikimendua emateko aukera zabalik dago kontseilua.eus webgunean.