GARA Euskal Herriko egunkaria
DONOSTIAKO MARATOI ERDIA

Europako txapeldun bat, hautagaien artean

Houssame Benabbou, garaipenerako faborito. (GARA)

Igande honetan Donostiako Nazioarteko II. Maratoi Erdia jokatuko da. Bi mila parte hartzaile inguru espero dira -hilaren 12an bukatu ziren aurreikusitako plaza guztiak-, iaz izandako lehen ekitaldiko arrakasta errepikatzeko asmoz. Antolakuntzak parte hartuko duten izen garrantzitsuenen zerrenda pasatu du asteazken honetan, eta 50 kilometroko distantzian Europako egungo txapelduna, Houssame Benabbou, Marokon jaio baina umetatik Extremaduran bizi den korrikalaria, nabarmentzen da besteen gainetik.

Gauzak ondo, Abderrahmane Aferdi, Marokon jaio eta txikitatik Estatu espainolean bizi den beste korrikalari bat, izan liteke Benabbouren aurkaririk gogorrena. Igandeko probako parte hartzaileen artean maratoi erdi batean markarik onena duen atleta da eta, horrez gain, laugarrena izan da aurtengo Elgoibarko Muguerza Krosean eta bigarren amaitu du Uliako Gimnastikan.

Lasterketa honetan parte hartuko duten beste atleta entzutetsu batzuk Fernando Carro, Jorge Blanco, Ibrahim Chakir eta Jesus Olmos izango dira. Daniel Mateok, bestalde, Estatuko orduko errekorra ezarri du -20,59 kilometro-; maratoiaren formatu txikiagoan trebea da eta, beraz, honek ere Gipuzkoako hiriburuan garaipena lortzeko aukerekin ikusiko du bere burua.

ADI BEROAREKIN

Igande goizeko 10.00etan ekingo diote korrikalariek maratoi erdi honi, hasiera bezala helmuga ere izango den Donostiako Udaletxe aurretik. Bero handia espero omen da iganderako eta, horrenbestez, egoera honek korrikalarien portaera ez ezik markak ere baldintzatuko ditu.

Ayad Lamdassem eta Elena Loyo izan ziren iazko ekitaldiko garaileak. Eta, bide batez, Unai Arroyo tolosarra izan zen gizonezkoen artean euskal atletarik azkarrena. Lamdasem ez da izango, baina, aldiz, Loyok aurten ere parte hartuko du, nahiz eta ez den irabazteko lehiatzeko moduan izango, iaz Donostian irabazi zuenez geroztik lehiatu gabe egon baita Zuiako korrikalaria.

Erbi lanetan ariko da arabarra 11 zenbakiarekin, eta 10. kilometroraino erritmoa markatuko die korrikalariei. Handik aurrera, gorputzaren sentsazioen arabera erabakiko du Loyok helmugara iristen ahaleginduko den ala ez.