GARA Euskal Herriko egunkaria

Lehiaketak


Duela bi Big Bang edo, parte hartu nuen hasiberrientzako bizpahiru musika lehiaketetan. Bagenuen anbizio artistiko modukoa eta folk talde bat: nerabetasunaren hormonek, musika zaletasun xurgatzaileak eta agertokien grabitazio erakarpenak bultzatutakoa. The Chieftains eta Sex Pistols ziren gure bi erreferentzia nagusiak; hortik atera kontuak. Ez genituen faltan entsegu lokala (oilategi bat), anplifikadore zahar bat, eta, batez ere, musika eskolak jaso eta tresnaren bat jotzen zuten taldekideak.

Azaldu beharra dago, zaletasuna eta ausardia zirela nire musika dohain bakarrak. Bai, agi denez, gaur aitona Morauren abenturen tartea tokatu zaizue. Garai hartan (70eko hamarkada amaieran), oso ohikoak ziren artista “novelen” norgehiagokak, modu bakarretako bat zen emanaldi batzuk lortzeko eta, batez ere, soinu-estudioren bateko atea zeharkatu ahal izateko. Horrela, herri mailako bi erakustaldien ondoren, hantxe geunden gu Itziarko Mandiope diskotekako Euskal Musika 80 lehiaketako sailkapen saioan. Saria? Irabazleen artean partekatutako diskoan kantu bat grabatzea. Ez genuen finalaurrekoa pasatu, lastima, disko horretan; “Euskal Musika 80” (IZ, 1981) topa daiteke, eta entzun Zarama taldearen “Bildur naiz” kantuaren lehenengo bertsioa. Agian, horregatik, tristura eragin dit trikiti lehiaketak desagertzen ari direla irakurri dudanean, nahiz eta jakin gehiago balio duela edozein influencerren puzkerrak.