GARA Euskal Herriko egunkaria

Mixel Oronos, euskararen aldeko militante akiezina, hil da 88 urtetan


Mixel Oronos apaiza, idazle eta euskaltzalea hilaren 23an zendu zen, 88 urte zituela. Haren borondatea errespetatuz, bere aldeko hiletak era pribatuan egin dituzte.

«Euskararen aldeko militante akiezina joan zaigu», adierazi zuen atzo Euskal Konfederazioak agiri baten bidez. Euskal Pizkunde mugimenduak jorratu zuen ereduari atxikia, horren ondotik sortu zen Euskal Konfederazioren sorreran parte hartu zuen Oronosek.

Bi garai ezberdinetan elkarte horren buru izan zen, zehazki 2000. urtetik 2002ra eta, horren ondoren, 2009 eta 2015 bitarte. Ardura zehatzak bere gain hartuta edo militante soil gisara, itzal handia egin zuen euskalgintzan.

Dela euskararentzat estatus ofiziala eskatzeko -demagun Parisko Gobernuari Europako Hizkuntza Gutxituak babesteko Europako Karta izenpetzea eskatuz-, dela Batera plataformaren barnean euskarazko hezkuntza babesteko, edo Euskal Herriko bost kirol zelai bete zituen “Bai Euskarari” ekimena akuilatzeko, Oronosek lan eskerga egin zuen.

Sorterriari oso atxikia, zenbait liburutan Baigorriko herriari erreparatu zion organogilea izandako Oronosek.