GARA Euskal Herriko egunkaria

Sikomoroa


Konferentzia baten harira izan nintzen Newcastlen udan. Azken egunerako Hadrianoren harresira bisita gidatua hitzartua zuten antolatzaileek, baina tamalez bi egun lehenago alde egin behar izan nuen. Ezin izan nuen, beraz, Northumbriako sikomoro ezaguna bertatik bertara ikusi. Eta orain sikomororik ez da, egunkarian datorrenez norbaitek “kalte kriminala” egin baitio zuhaitzari enborra bitan moztuta.

Hirurehun urte inguru zituela uste dute, eta, egunkariko artikuluak gogorarazi didanez, mundu osoan ezagun bihurtu zen 1991n, “Robin Hood: Prince of Thieves” (Robin Hood: Lapurren printzea) filmari esker. Komunitatea doluz dago sikomoroaren galeragatik, eta poliziak, zeina gertaeraren tokian izan den aztarnen eta testigantzen bila, ikerketa bat abiarazi du zuhaitzaren mozketa argitzeko. Ironia izpirik ez du orain arte idatzitakoak. Zinez pena eman dit sikomoroari jazotakoak. Txundigarria egin zait, ordea, zeinen erantzun azkarra eman dioten agintariek gertatutakoari. Izan ere, lerrook idazten ari naizela 16 urteko gazte bat atxilotu dute mozketarekin loturarik izan dezakeelakoan. Beharrezko baliabideak berehala mobilizatzen dira irudi publikoa jokoan dagoenean. Eta publizitatea, jakina. Sikomoroaren bista ederrak iragartzen zituen ostatuak bere tabernan gastatzeko 1.500 libera eskaini ditu errudunari buruzko informazioaren truke. Bien bitartean, zenbat zuhaitz, zenbat ekosistema hiltzen ari diren orduero eta zer ardura gutxi erakusten duten erabakitzeko ahalmena dutenek.