GARA Euskal Herriko egunkaria

Urkulluk EAJren aurkako estrategia bat sumatzen du: «Gure bila datoz»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, jeltzaleen kontrako «estrategia argi bat» antzematen du; bere ustez, alderdi politiko, sindikatu eta hedabideetatik dator. «Egia da, gure bila datoz», baieztatu zuen atzo Forum Europa- Tribuna Euskadik antolatutako solasaldian. Bestalde, EAJren boto-emaileen artean boto arrantzan aritzea leporatu zion PPri.

Iñigo Urkullu, Forum Europa-Tribuna Euskadiko bere hitzaldian. (IREKIA)

«Egia da, EAJren bila datoz». Baieztapen biribil hori egin zuen atzo Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. Oposizioko taldeen «estrategia» gaitzetsi zuen, baita «komunikabide eta iritzi preskriptore jakin batzuena ere».

«Estrategia argia da, izan interes politikoengatik edo egonezin sozial bat sortzeko nahiagatik», ziurtatu zuen Forum Europa-Tribuna Euskadik antolatutako hitzaldian. Bertan, ez zuen autokritikarik txikiena ere egin.

Prezioen gorakada dela-eta milaka familia egoera latzean badaude ere, eta Osakidetza herritarren kezka handienetako bat bilakatu arren, Urkulluk bere gobernuaren langabezia eta gastu sozialen datuak txalotu zituen.

«Datuek batzuek interesagatik egiten duten kontakizuna gezurtatzen dute», esan zuen. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Estatu espainiarreko «greben erdiak baino gehiago» egiten direla salatu zuen. «Zenbait harro azaltzen dira horregatik», kritikatu zuen, UGTko Raul Arzaren eta CCOOeko Loli Garciaren begirada irmoaren aurrean.

«Zergatik elikatzen da artifizialki ondoez sozial bat? Zeini egiten diote mesede batzuk bortxaz helarazten saiatzen diren hondamen irudiak?», galdetu zuen. Batzuek «interes politikoa» soilik bilatzen dute, bere iritziz.

JELTZALEEN BOTOA BILATZEA LEPORATU ZION PPRI

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak azaldu zuenez, PP da helburu horretan tematzen ari den alderdietako bat. «EAJren inguruko ezohiko interes bat ikusten ari gara, hauteskundeen emaitzak aztertzeko ezohiko interes bat. Agian, EAJren boto-emaileak erakartzeko interes bat ezkuta dezakete».

«EAJren barne egoeraren gaineko ezohiko interes horren atzean boto-emaile jeltzaleak edo abstentzioaren alde egiten dutenak bereganatzeko interesa dagoela uste dut». Urkulluren iritziz, ahalegin bera du atzean Nuñez Feijook aipatzea EH Bildurekin bat egiten duen Pedro Sanchezek EAJri egiten ahal dion kaltea.

Inbestidurako eztabaidari dagokionez, adierazi zuen «hizkuntzei, euskarari, autogobernuari, lagapenei eta nazio aniztasunari buruz PPk egindako diskurtsoak», ez bakarrik Nuñez Feijook, oso ondo islatzen duela zergatik bozkatu duen EAJk bere aurka.

Etorkizunari begira, Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak errepikatzea «albiste txarra» litzatekeela ohartarazi zuen Iñigo Urkulluk. Baina, bere iritziz, «askoz ere okerragoa litzateke egonkortasuna segurtatzeko eta oinarri sendo baten gainean erabaki estrategikoak hartzeko gai ez den gobernu espainiar bat abiatzea».

«Egonkortasuna behar da, ez edozein preziotan, baizik eta leialtasunean eta adostutako programa batean oinarritua», aipatu zuen. Ondotik, Hezkuntza Saileko aholkulari baten enpresari eskola-garraioko linea batzuk esleitu izanak sortutako ika-mikari heldu zion.

BILDARRATZEZ FIO DA

Urkulluk Jokin Bildarratz sailburuarengan konfiantza duela ziurtatu zuen. «Azalpen guztiak ematen ari da. Horixe eskatu nion kontrol bileran, eta datorren asteazkenean urgentziaz batzordean agerraldia egitea galdegin du. Bertan emango ditu azalpenak», adierazi zuen.

«Garrantzitsua da argitzea bi kontu ezberdin daudela. Bata eskola garraioaren lehiaketa publikoa da, uztailean egin zena, prozedura administratibo eta legal guztiak beteta. Bigarrena txosten juridiko bat eskatzea komeni den ikustea da, Araban eta Bizkaian zegoen egoeraren aurrean», esplikatu zuen Urkulluk.

«Berme juridikoa lortzea zen xedea, ikasturtea hasi baino hilabete lehenago eskola garraioa ziurtatzeko. Txosten juridiko hori kontratuak esleitu ondoren eskatu zen eta akordio batera iristen eta zerbitzua segurtatzen lagundu zuen», azpimarratu zuen.