GARA Euskal Herriko egunkaria

Vitenberg-en «Festen», antzerkira egokituta eta euskaraz, Maria Goiricelayaren eskutik

Thomas Vinterbergen “Festen” pelikularen antzerkirako egokitzapena estreinatuko dute gaur Bilboko Arriaga antzokian. Maria Goiricelayak zuzendu du obra eta, Kepa Errastik itzulita, estreinaldia zein asteburuko beste bi emanaldiak euskaraz izango dira.

Gaur estreinatuko dute obra, Arriaga antzokian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Familiartean umeek jasaten dituzten sexu abusuen gaiari heldu dio Maria Goiricelayak ostiral honetan estreinatzekoak diren antzezlanean. 1998an Thomas Vinterberg zinemagileak egindako “Festen” filma antzerkira moldatu dute Goiricelayak eta Lucia Astigarragak, eta Kepa Errastiren euskarazko bertsioa eskainiko dute gaurtik igandera Bilboko Arriaga antzokian.

Antzokiak Madrilgo Teatro Españolekin elkarlanean egindako produkzioa da “Festen” antzezlana eta gazteleraz ikusteko aukera ere izango da Arriagan bertan, azaroaren 2tik 5era bitartean.

Hainbat urte kanpoan eman ostean, gurasoen etxera itzuli da Jon, aitaren 60. urtebetetzea gainontzeko senideekin batera ospatzera. Jonek, ordea, denen aurrean umetan aitak berari eta arreba bikiari egindako sexu abusuak salatzeko baliatuko du ospakizuna. Gainera, aitari leporatuko dio arrebak bere buruaz beste egin izanaren errudun izatea. Orduan, borborka odoletan den zauria ixten saiatuko da familia.

Euskarazko bertsioan Egoitz Sanchezek antzeztuko du Jonen papera eta Mikel Martinezek, aitarena.

Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka dira gainontzeko antzezleak. Alaia Mariño Jauregi umeak ere parte hartuko du obran.

Aktore guztiak une oro daude antzeztoki gainean eta baita Gheada ikus-entzunezko estudioko Rut Briones ere, kamera eskuan duela. Xehetasunak eta eszenak zuzenean filmatuko ditu antzokiko eszenatokian zein ikusleen begi bistara ikusgai ez dauden tokietan, ekintzak gertatzen diren etxeko toki desberdinak irudikatzen dituzten lekuetan, hain zuzen ere.

Brionesek filmatutako irudiak antzeztokian etxearen aurrealdea irudikatzeko jarritako pantaila erraldoi batean emango dira, publikoak ikusi ditzan.

Izan ere, aldi berean gauza asko gertatzen dira obra honetan, eszenak dinamizatzeko asmoz. Gainera, baliabide honek obraren iraupena laburtzeko aukera ematen du, eszena asko ezabatzeko beharrik gabe.

Goiricelayak asteazken honetan egindako aurkezpenean azaldu zuenez, «‘Festen’-ek badauka salaketa puntu hori, mundua existitzen denetik familiartean umeek jasaten dituzten sexu abusuen salaketa».

Halaber, zuzendariak adierazi zuen saiatu direla film originalaren egileak jarraitzen zuen Dogma 95 filosofia errespetatzen eta, kodeak desberdinak badira ere, funtsean originalaren egokitzapen fidela dela.

Mikel Martinez aktoreak, bestalde, lehendabizi euskaraz estreinatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen.

Ildo beretik, Errastik azaldu zuen saiatu direla kalean erabiltzen den euskara eszenatokira eramaten, «euskaraz irainak-eta esateko ditugun konplexuei aurre eginez». Halaber, gaineratu zuen testuaren itzultzaile gisa ez ezik aktore lanetan ere ibiltzeak aukera eman diola beharren arabera itzulpena egokitzen joateko, produkzioa barrutik bizi izan baitu.

Bestalde, Eider Zaballa arituko da obraren zuzendari laguntzaile lanetan. Eszenografiaz Jose Luis Raymond arduratu da Leire Mendizabal laguntzaile izanda, eta Atx diseinu eta sorkuntza konpainiak eraiki du.

SINBOLISMOA, ERREALITATETIK URRUNDU GABE

Raymondek aurkezpenean azaldu zuenez, eszenografia errealista sortzen ahalegindu dira, betiere sinbolismoarekin uztartuz. Horrela, pertsonaiak mahai baten inguruan antolatu ordez, atzeko aldean utzi dituzte mahaiak, jai giroa irudikatuz.

Argiztapena David Alcortaren esku utzi dute eta Azegiñe Urigoitia da jantzien arduraduna. Ibon Belandia eta Ibon Aguirre arduratu dira musikaz eta soinu espazioaz, hurrenez hurren.

Antzezlanari indarra ematen dioten mugimendu koreografikoak, berriz, Alberto Ferrerok planteatu ditu eta Xabino Alkorta aritu da produkzio laguntzaile. Pertsonaien karakterizazioa Ana Vega, Patricia Aydillo eta Araitz Pildainen esku utzi dute.

Sarrerak ohiko tokietan daude salgai 18 euroan, Arriaga antzokiaren webgunean, baita txarteldegian bertan ere. Gaur estreinatuko dute obra, 19.30ean, eta larunbateko eta igandeko emanaldiak 19.00etan izango dira.