GARA Euskal Herriko egunkaria

Klima-hondamendiek 43 milioi haurren exodoa eragin dute 2016 eta 2021 artean

Klima-aldaketak eragindako muturreko hondamendiek, alegia, uholdeek, ekaitzek, lehorteek eta baso suteek, 43,1 milioi haurren exodoa eragin dute 2016 eta 2021. urteen artean. Unicefek argitaratutako txosten batek jasotzen du hori, bai eta uholdeek datozen 30 urteetan 96 milioi adingabe emigratzera behartuko dituztela ere.

Gutxienez 3.800 hildako utzi dituzte uholdeek Libian. (Ozan KOSE | AFP)

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (Unicef) argitaratu berri duen txostenak azaleratu duenez, egungo joerari eutsiz gero, uholdeek 96 milioi adingabe emigratzera behartuko dituzte datozen 30 urteetan.

Ez da inolako oinarririk gabeko alarmismo hutsa; datuek errealitate gordina erakusten dute. Izan ere, 2016tik 2021era bitartean izandako klima-hondamendiek mundu osoko 43,1 milioi haurren exodoa eragin dute.

Ibai-uholdeek eta euri-jasek eragin dute migrazioa gehien, 40,9 milioi pertsonarena, hain zuzen ere, guztizkoaren %95. Hondamendi natural horiek mundu osoan gertatu dira, baina Txina, India eta Filipinak dira migrazio kopuru handiena erregistratu duten herrialdeak; 23 milioi inguru sei urtean, alegia.

Txostenaren arabera, hiru herrialde horiek duten populazio handia eta kokapen geografikoa dira arrazoi nagusiak, baina baita prebentziozko ebakuazio-planak ere.

Dominika edo Vanuatu bezalako uharteak edo Afrikako Adarreko estatuak ere, Hego Sudan eta Somalia kasu, fenomeno honek gehien kolpatzen dituen herrialdeen artean daude.

Herrialde pobreenak dira arriskuak arintzeko eta egokitzeko premiarik handiena dutenak. Txostenak Haiti edo Mozambike aipatzen ditu, besteak beste.

Izan ere, herrialde horietan hondamendiek eragindako kalteak berreraikitzeko gaitasuna askoz ere mugatuagoa da, batez ere finantza-arrazoiak direla medio.

«Klima-aldaketaren inpaktuek gora egiten duten bitartean, migrazioak ere gora egingo du. Gero eta handiagoa den erronka honi erantzuteko tresnak eta ezagutza ditugu, baina mantsoegi jokatzen ari gara», azaldu zuen txostena ezagutzera ematearekin batera zabaldutako komunikatu batean Unicefeko zuzendari exekutibo Catherine Russellek.

Hori dela eta, Unicef lanean ari da arrisku handieneko hainbat herrialderekin, etorkizuneko uholdeak aurreikusteko eta, horrela, migrazioen arriskua murrizteko, haurrak bereziki kontuan hartzen dituzten estrategiei jarraituz.

Paradoxikoa dirudien arren, exodo masibo horiek aurrerapen teknologikoaren emaitza positiboa dira; izan ere, detekzio goiztiarreko sistemek ahalbidetzen dute orain uholdeei aurrea hartzea eta ebakuazioak antolatzea, hondamendia gertatu orduko ihes egiteko aukera emanez bertan bizi direnei.

Russelek azaldu zuenez, «edozein umerentzat beldurgarria da baso-sute basati bat, ekaitz bat edo uholde bat». «Ihes egin behar dutenentzat, beldurra eta ondorioak bereziki suntsitzaileak izan daitezke; izan ere, ez dakite etxera bueltatu eta eskolara itzuli ahal izango ote duten edo berriro alde egin beharko ote duten. Lekualdaketak bizia salbatuko zien, baina kalte ere egiten die», gaineratu zuen.

«Klima-aldaketaren ondorioak areagotu ahala joan-etorriek ere gora egingo dute. Arazo horri erantzuteko beharrezko tresnak eta ezagutzak ditugu haurrentzat, baina motelegi ari gara», azaldu zuen Russelek. Horregatik, Unicefek dei egin die munduko liderrei gai honi heltzeko Dubain azaroan eta abenduan egingo den hurrengo goi-bilera klimatikoan (COP28).