Nafarroan zaintzagatik eszedentzia hartzen dutenen %87 emakumeak dira
CCOO sindikatuak jardunaldia egin zuen atzo, Iruñean, zaintza eredu feminizatu baten «erronkak» aztertzeko. Saioan, zainketengatik eszedentziak hartzen dituzten pertsonen %87 emakumeak direla baieztatu zuten. Era berean, adierazi zutenez, lanaldi partzialean aritzen direnen %70 ere emakumezkoak dira.

Nafarroan lan arloan zaintzagatik eszedentziak hartzen dituzten pertsonen %87 emakumeak dira, baita lanaldi partzialean lan egiten dutenen %70 ere, CCOOk zaintza eredu feminizatu baten erronkak aztertzeko atzo egindako jardunaldian nabarmendu zutenez.
CCOOk jakinarazi zuenez, herrialdean emakumeen %30 ez daude aktibo, etxeko lanetan aritzeagatik, eta gizonezkoen artean zifra hori %4koa da. Gizarte Segurantzaren datuen arabera, abuztuan 1.240 emakume zaintzaile ez-profesional zeuden (zaintzaileak, gehienetan senideak, hitzarmen berezi bat sinatzen dutenak), eta, aldiz, 180 gizon bakarrik agertzen ziren zerrenda horretan.
Carolina Vidal CCOOko Emakumeen, Berdintasunaren eta Lan Baldintzen idazkari konfederalak adierazi zuenez, egoera hori antzekoa da Estatu espainoleko gainerako autonomia erkidegoetan, eta, horregatik, sindikatuak Zaintza Lege bat proposatu du eta Gobernu espainiar berriari zaintzaren aldeko estatu-itun bat aurkeztuko diola jakinarazi zuen.
Estatu-itun batean, Vidalek azaldu zuenez, «zeharkako politikekin eta hainbat ministerioren parte-hartzearekin, patronalek, sindikatuek eta gizarte esparruak ere parte har lezakete, berdintasunaren aldeko apustua eginez eta zaintza-lanak profesionalizatuz eta eremu pribatutik ateraz».
Zainketen esparrua arlo komunitariotik jorratu behar dela nabarmendu zuen sindikatuak. «Pandemiak argi utzi zuen. Zainketak funtsezkoak dira eta guztiok beharko ditugu bizitzako uneren batean. Ez dira arazo pribatu bat, familia bakoitzak bere baliabide ekonomikoen arabera ebazten duena. Lehen mailako eremu kolektibo, politiko eta soziala da», gaineratu zuen.
HARREMAN EREDUA
Horregatik, Vidalek esan zuenez, CCOOn «zaintza eredua aldatzea proposatzen dugu, alde guztien erantzunkidetasunetik abiatuta: Estatua, gizartea, eta gizonen inplikazio handiagoarekin, nahiz eta, lehentasunez, botere publikoei dagokien irisgarritasunaren eta unibertsaltasunaren babesa eta bermeak eskaintzea, eskubideetan eta zerbitzuetan».
Bestalde, Pilar Ruiz Nafarroako CCOOko Emakumearen idazkariak nabarmendu zuenez, «asko dira bete gabe geratzen diren zaintza beharrak, eta familia-eremuari dagozkio, batez ere emakumeei». Adierazi duenez, zaintzarako gizarte eskubideak unibertsala izan behar du: «Irakaskuntzarako edo osasunerako eskubidea unibertsalizatu zen bezala, gure ongizate estatuaren parte izan behar du».
Bi agintariak bat etorri ziren emakumeen eta gizonen arteko harreman-eredu berriak, espazioen eta denboren erabilera berriak eta, batez ere, lanaren eta munduaren sexu-banaketaren oinarri diren gizarte-balioen eraldaketa «sakona eta egiturazkoa» eraikitzeko premian, «zaintzaren etika kolektibo batekin ordezkatuz, berdintasunean».