GARA Euskal Herriko egunkaria

Nahi gabe


Urria, udazkeneko koloreen hilabetea, hostoak tonu lauz eta okrez apainduta dauden laket aldia. Haizeak dar-dar egiten du naturak bere burua abandonatzen duen momentuan, eta soroetan uzta prestatzen ari da, sotoetan mahatsa zapalduta ardoa aske isurtzen da, sagar zukuak ere bai, ilargiarekin, erran nizuen, hauxe boluptuustasun hordigarria; eta lurrak poliki hartzen du lo, sehaska kantu malenkoniatsua dakarkiolako belarrietara denborak. Maitaleak eskutik helduta ikusi ditut satinazko alfonbra gainean eta ohartu naiz udako oroitzapenak gutxika-gutxika itzaltzen ari direla. Tempus fugit.

Hitz hauekin poema moduko bat sortu nahian nenbilen, aurreko idazkiari jarraipena ematen, eta ‘‘Ez fida urriari, badakarke mafrundi’’ heldu zait gogora nahi gabe. Esaera zahar bat Lapurdi berrian, aldaketa klimatiko eta alergien erdian. Artean, katarroari, ipar ekialdeko lurrotan mafrundi deitzen zaiola jakin gabe nengoela, eta musika talde batekin lotzen nuela hitz hori. Non gelditu ote diren garaiko BSO izandako horiek, egun, abesti bakar bat oroituko nukeen zalantza baitut, baina badakit garrantzitsu izan zirela bidearen zatiren batean. Zuk ere izango duzu pasioz kantatzen zenuen kantu hura, eta beharbada, eroriko zitzaizun ahanzturaren putzura. Iratin onddoak agertu direla, gaztainak goizegi heldu direla, eta esaera zaharren liburuxka non ote daukadan, finean udazken hau oroitzen pasatu nahi dudala, sasoi gehienak ahanzten igaro zaizkidala ohartuta, nahi gabe.