GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

«Hau ez da normala»


Hau ez da normala». Hauxe da azken asteetan jende artean entzun dudan esaldia. Bai, eguraldiaz ari dira, eta ez, hau ez da normala. Zertaz ari naiz? Dauzkagun tenperatura hauetaz. Urrian badaki bero egiten, baina urriko beroa egun pare bateko gauza izaten da. Egun pare batean 30-32 gradu eta hirugarren egunean beherakada. Egun hauetakoa, ordea, eguna joan eta eguna etorri 30 gradu edukitzea izan da.

Horren arrazoia antizikloi sendo bat izan da eta da. Antizikloia Europa erdian kokatu da, zertxobait Mediterraneo aldera zuzenduta, eta handik Atlantikoko borraskei bidea itxi, eta guri egonkortasuna ekarri digu. Horri, baina, beste osagarri bat gehitu behar zaio: hego-ekialdeko haizea. Haize honek aire masa beroa bultzatu du gugana eta hortik etorri dira eguneroko ia 30 graduak, zenbait egunetan horiek gaindituz. Udako egunen eta oraingoen artean dagoen ezberdintasuna gauetan dago. Orain gauak luzeagoak dira eta, haizea lasai ibili denez, freskatu du, eta eskerrak. Gainera, ia egunero brisak freskura pixka bat ekarri du, bai behintzat ipar-isurialdera.

Garaiz kanpoko egoera hauek, zoritxarrez, geroz eta maizago ikusi eta ezagutuko ditugu.

Bero hau behintzat amaitzera doa. Larunbat arratsaldean iparra sartu eta udazken itxura hartuko du eguraldiak.