GARA Euskal Herriko egunkaria

Urkulluk bi herrien arteko lotura nabarmendu du Japonian


Gaurtik ostegunera arte Basque Week, alegia Euskal Astea, ospatuko da Toshiman, Japonian. Bi herrien kulturak elkartuz, ehun ekitalditik gora prestatu dituzte urte osoan batean eta bestean, eta horren helmuga da Euskal Astea. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Toshiman da egunotan. Atzo nabarmendu zuenez, jendearen artean «zubiak eraikitzea» da ekimen honen asmoa. «Lortzen ari gara», baieztatu zuen.

Miyuki Takagiwa Toshimako alkatea ondoan zuela Urkullu pozik agertu zen urteetako lanari esker, pandemiaren ondorioz atzeratu ondotik, azkenean egitea lortu dutelako.

Hain zuzen ere, 10.000 kilometroko distantzian bizi arren, bi herrien arteko lotura indartzeko xedez antolatu dute “Euskadi-Japonia 2023” ekimena. Harremanak funtsezkoak direla azaldu zuen, are gehiago hainbeste ezaugarri partekatzen dituzten herrien artean. Lehendakariak adierazi zuenez, «bai Japoniak bai Euskadik kultura eta ohiturak bereziki zaintzen dituzte», bietan jaso dute ondare hori arbasoengandik, «katea eten gabe».

Erantsi zuenez, herri kirolak ere badituzte, ahaleginaren garrantziaren eta bizimodu tradizional baten erakusgarri. Hizkuntzari eman zion balioa; «kulturaren adierazle gorena. Komunikatzeko eta hurbiltzeko sortu ziren, hesi eta distantziak hausteko».

Azpimarratu zuenez, bi herriek dakite nondik datozen eta norantz joan nahi duten.

56 tailer eta 27 emanaldi egongo dira hiriko bi espaziotan, Kalean eta Barruan. Euskal jakiak dastatzeko eta txalaparta jotzen ikasteko aukera emango dute.