GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Jon MUJIKA
Itsas Enara Elkarteko kidea

«Desagertuta zeuden hegazti habiagile espezie batzuk itzuli egin dira»

“Euskadiko hegazti habiagileen atlasa” argitaratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hegazti ugaltzaileen lehendabiko atlas modernoa. Juan Arizaga ornitologoa buru izan duen lanean 60 ornitologo lanean aritu dira; haien artean, Itsas Enara Elkarteko Jon Mujika.

Aranzadik argitaratu duen hegazti habiagileen atlas modernoa. (IREKIA)

Nolakoa da atlas bat osatzeko lana?

Oso zientifikoa. Lan handia da protokolo zientifiko zehatz bati jarraituz EAEko alor guztiak segitzea eta, horregatik, beste elkarte txorizale batzuen laguntza eskatu zuen Aranzadik.

Juan Arizagaren esanetara aritu zarete, beraz.

Bai. Gu, gehientsuenak, txorizale afizionatuak gara, horretara dedikatzen ez garenak, zaletasuna dugunak. Protokoloari jarraitzeko behar zen hiru probintzietan mailakatzea 5x5 km2-ko azaleretan, eta haietan umatze garaian dauden hegaztien zerrenda egitea.

Hegazti ugaltzaileak aintzat hartu dituzue. Zergatik?

Hegazti ugaltzaileak lurraren edo inguruaren egoera ekologikoaren indikatzaileak dira. Ez da gauza bera pagadi bat edo harizti bat, edo eukaliptadi bat edo lawson cypress plantazio bat. Bidea hori da: jakin zer dagoen, eta hobera edo okerrera doan ikusi.

Nola erregistratu dituzue?

Niri, adibidez, bi edo hiru koadrikula eman zizkidaten Gipuzkoaren erdialdean. Orduan, egin behar nituen, egun jakin batzuetan, bisita batzuk eta ibilbide batzuk barruti horietan txoriak entzuten. Jakina, horretarako kantuak bereizi behar dira, zeren txori guztiak ez dira ikusten, batzuk entzun besterik ez dira egiten. Horrela, ugal garaian, ateratzen da irudi bat alderdi horretako hegazti umegileena.

Esan duzu aurreko atlasa duela 20 urte ingurukoa dela. Eguneratze premia zuen?

Bai, zeren, batetik, hegaztien ezagutza ugaritu egin da eta, bestetik, bilakaera bat izan da. Nik 60 urte beteak ditut eta honetan hasi nintzenean hegazti gehientsuenak tirokatu egiten ziren, eta gaur egun babestuta daude. Babesteak ugaltzea dakar. Baina, hemen, debate bat dago: atlasean zenbateraino azaldu da lurraren hobekuntza edo hegaztien babestea? Honekin esan nahi dudana da egon daitekeela eremu bat oso egoera ekologiko onean, baina hegazti guztiak tirokatzea. Orain, hegaztiak babestuta daudenez, delitua da hegazti askori tiro egitea; orduan ugaritu egin dira. Horrek esan nahi du alderdi horietako balore ekologikoa hobetu dela? Bada, ez derrigor.

Horren ondorioak ikusteko urteak pasatu beharko dira.

Eta gainera leku oso antropizatua da. Kudeatu gabeko baso gutxi dago, harizti gutxi daude, pagadiak gehixeago… Pentsatu, Gipuzkoako zoruaren %80 behar luke izan Quercus motakoa eta, gaur egun, inondik inora ez da horrela. Atlas honek ez du egoera ideal bat erakusten, erreal bat baizik.

Hala ere, badaude notizia onak. Joan deneko atlasean baino hegazti habiagile gehiago daude EAEn. Lehen desagertuta zeuden espezie batzuk itzuli egin dira. Beste ondorio nabarmen bat da basoko hegaztiak ugaritu egin direla; aldiz, alor ireki eta nekazal eremuetakoak gutxitu.

Horren zergatia antzeman duzue? Susmorik bai?

Basoa ugaritu eta zahartu egin delako. Basoa diodanean basoa diot, ez landaketa. Zeren landaketetan egoera oso da aldakorra; hazi eta bota, lehen pinudi bat zena orain zuhaitzik gabeko eremua da. Baso kudeaketa industriala dago, eta horrek izaki bizidunen presentzia asko baldintzatzen du. Zorionez, Araban eta Nafarroan bertako baso gehiago dute. Beraz, ondorioetako bat da bertako basoa babestu eta ugaritu behar litzatekeela bioaniztasuna kontserbatzeko.

Alor ireki eta agrikoletan, berriz, kezka dugu zerk gutxiarazi duen hegaztien presentzia. Garai batean larreak simaur lehorrarekin ongarritzen ziren, eta egun mangeratu egiten dira. Susmoa da hori dela intsektu, mikromamifero eta narrasti txiki asko larreetatik desagertzearen eragilea eta, ondorioz, toki irekietako hegaztien jaitsierarena.

Hegaztiez hitz egiteak beste gai batzuetara eraman gaitu. Zein informazio gehiago jaso dezakegu hegaztietatik?

Adibidez, beroketa klimatikoa. Horren ondorioz, hegazti batzuk desagertzen ari dira gurean. Esaterako, harkaitz zozo gorria mendiko hegazti bat da, lehen arrunta zena Hernio, Izarraitz eta, zer esanik ez, Aralar eta Aizkorri bezalako alderdietan. Bada, gorantz igotzen ari da, eta kostako mendietan, Hernio eta Izarraitzen, jada desagertutzat jo daiteke. Aldiz, inguru horietan orain ikusten ari gara harkaitz zozo urdina, leku eguzkitsu eta epeletakoa den hegazti mediterraneo bat eta eremuak irabazten ari dena. Bestetik, duela 30-40 urte okil beltz bikoterik ez zen Gipuzkoan, eta orain hegazti ohikoa da. Edo miru gorria. Lehen negutarra zen, eta orain dezente bikote ditugu. Gertatzen ari diren aldaketak dira.

Aipatzekoa da, baita ere, politikariei ahoa betetzen zaiela natura babesteko egiten ari diren ahaleginekin-eta. Adibide bat dugu ubarroi motoduna. Gipuzkoan desagertua zegoen tirokatua zelako, eta duela 20 urte itzuli da eta umatze koloniak daude San Antonen, Igeldon, Ulian, Jaizkibelen… Baina espezie mehatxatua da eta administrazioa derrigortuta dago jarraipen plan berezi bat izatera. Hala ere, ez du neurririk hartzen. Argazkietan eta atlasetan txoriak oso polit agertzen dira, baina, gero, askok ez dute babes konkreturik.