GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskarmentudunak


Duela bi asteburu, urtero egiten dugun txapelketa herrikoian parte hartu nuen eta jada hurrengo urtekoa iristeko irrikaz nago, zeren, nire lagun batek umorez dioen moduan, «eztuk txapelketa, txepeleta duk». Bada lehia noski, goi mailan lehiatzen direnek, esaterako, presio apur bat senti dezakete, zeren «edonork» haiek baino postu hobea eskuratzeak min egin dezake, zeren, nahiz eta ez duen deus esan nahi, orokorrean gizakia maltzurra da. «Zuzendu ezinezko makila», esango luke Kantek alemanez, eta filosofo frantsesek, aldiz, errua gizarte egiturei egotziko liekete, haien historiarekin bat baitator erantzukizunak beti besteen gain uztea.

Istripuz hil zen lagun bat oroitzeko ahul zegoen txapelketa herrikoia baliatu nahi izan genuen duela 26 urte, eta ahalik eta herritar gehien biltzeko “alternatibo” kategoria asmatu genuen. Sekulako indarra hartu zuen txapelketak horren ostean, izan ere aurrez soilik maila handiko surflariek parte hartzen zuten, eta Europa mailako txapelketa baten antz handiagoa zuen lehiaketak, herri mailako ekimen batena baino.

Ordea, lagun arteko txandak osatzeko aukera eskaintzeak eta edozein mailatako jendea txanda berean elkartzeko aukera emateak sekulako arrakasta izan zuen, eta ordutik urtero jende berria atxikitzen da lagun artean «lehiatzera». Kuadrillek beraiek osatzen dituzte txandak haien artean lehiatzeko, eta horrek giro bikaina sortzen du, jendeak errazago parte hartzen baitu. Ohiko egun batean bezala itsasoratzen dira, lagun artean, baina urautsian lehia eta umorea nagusitzen dira.

Bidean, surflari gehiago ere joan dira, eta haiek oroitzeko ere balio du ekimenak. Horrela, gutxienez urtean behin gure arteko ustezko ezinikusiak alde batera utzi eta batzen gaituen horren inguruan gozatzeko biltzen gara. Alegia, lagun artean surf egiteko, lagunik gabe ez baita surfa, ariketa fisiko hutsa baizik.

Irakurleen artean surf elkarteko bateko kide den eta txapelketa herrikoiak antolatzen parte hartzen duen norbait bada, aipatu dudan «kategoria alternatiboa» eredutzat hartzeko gomendatuko nioke. Denetik ikus daiteke txanda berean, lehen aldiz lehiatzen den mutil gazte bat, bere seme-alabek bultzatuta parte hartzera animatu den emakume heldu bat, hanka bat falta zaion surflari eredugarria, piraguarekin itsasoratzen den laguna, bodyboard zale amorratua eta baita, kategoria irekian parte hartzeko maila izan arren, zerbait irabazi asmoz izena eman duen miserablea ere. Hori da surfa gaur egun, kalean bezala, denetik aurki daiteke urautsian.

Nire kasuan, jada badira urte batzuk 40 urtetik gorako kategorian lehiatzen naizela. Gainera lehen Senior kategoria 35 urtetik aitzina zen, beraz kategoria berean urte dezente daramatzat. Urteak pasatu ahala, gero eta zailagoa da postu on edo duin bat lortzea, urtero atxikitzen diren lehiakide berriak fresko baitatoz, baina hala ere bada gauza bat «xaharrok» gure alde duguna: Panoramixen osagai sekretua... Horregatik, gustatu zait aurten «senior kategoriari» eman dioten izen berria: «Eskarmentudunak».