GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdiak gupidarik gabe garaitu du maila nagusian estreinatu den Salaberria

Azken unean hortzak estutu eta bere dohainak agertzeko gai izan bazen ere, goizuetarrak gogotik sufritu zuen egungo Lau eta Erdiko txapeldunaren aurka, bai fisikoki, bai mentalki.

Ezkurdia, kirol legez, Salaberriari eskua eskainiz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ezkurdia Salaberriaren gainetik pasatu zen, atzo, Lekunberriko pilotalekuan, urakan bat bailitzan, aurkariaren zenbait zale pilotalekuan zirela, maila nagusian debuta egiten baitzuen Salaberriak. Iaz Promozioko txapela jantzi zuen Iker Salaberriak, eta lehen mailan estreinakoz Lau eta Erdiko egungo txapeldunaren aurka jokatzea egokitu zitzaion. Agerian geratu zen bien arteko aldea, sasoiko dagoela erakutsi baitzuen Arbizukoak.

Begiak kliskatu eta berriro zabaltzean, bat-batean, 17 tanto jarraian eginda, 18-1eko markagailua ezarri zuen Ezkurdiak, fisikoki ez ezik, mentalki ere sekulako mina emanez 24 urteko gazteari. Lehen sakea motzegi ateratzeak ere nahiko zarata eragin zion psikologikoki, atsedenaldi bakoitzean bere buruarekin zeukan haserrea azaltzen baitzuen.

Ezkurdiari lanak bukatzeko lau tanto falta zitzaizkiola, 75 pilotakada bakarrik zituzten eramanak. Frustrazio aurpegiz eta negarrari ezin eutsita, aldageletarako bidea hartu zuen Salaberriak, eta artean malkoak begietan zituela itzuli zen arren -harmailetan bildu zen jende andanaren txalo zaparrada eramanda-, barru-barrutik atera zuen bere amorru eta kemena eta zazpi tanto takada batean egin zituen, sakea berreskuratu eta sake-errestoan, zabalera botata, Ezkurdiari ezinezkoa egin baitzitzaion erantzutea (18-8). Bere dohainak erakusten hasi zenerako -airez bost tanto eder egin zituen, esaterako-, ordea, berandu zen.

Tanto bakoitza amorruz ospatzen zuen, partida hasiera makala burutik ezin kenduta. Partidan bertan baino, estreinako honen aho zapore gazia zeraman pentsamenduan eta horrek erabat baldintzatu zion egungo txapeldunaren aurka.

Errestoa txokora botatzeko egin zuen hautu bakarrean Ezkurdiak sakea berreskuratu zuen eta, orduan Salaberriak zerbait gehiago estutu zuen arren, arazorik gabe iritsi zen 22ra, aurkaria hain urrun ikusteak ematen duen konfiantzarekin.

ETXEBERRIAREN AURKA

Uda ona osatu du Arbizuko aurrelariak eta bolada horri segida eman dio 2023ko Lau eta Erdiko lehenbiziko partidan. Dena dela, «fisikoki ea nola» dagoen ikusteko dagoela adierazi zuen, partida pilotakada oso gutxikoa izanik, oraindik ikusteko baitago nola moldatuko den lehia exijenteagoetan.

Hurrengo jardunaldian Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak, finalerdietarako txartel bat jokoan izango dela. Bilboko Deportivo pilotalekuan arituko da, inoiz jokatu gabeko eszenatokian «asko ezagutzen» duen pilotariaren aurka.

«Ez dakit asko ezagutzea ona edo txarra den», esan zuen barre artean, ETBko kameren aurrean, «baina partida zaila izango da. Peio erakusten ari da joko maila onarekin dabilela, bolada luzez. Puntu garrantzitsua egongo da jokoan».

Lekunberriko pilotalekuan jokatutako partidari dagokionez, onartu zuen Salaberriak ez zuela bere egunik onena izan, eta horrela «batek errazago jokatzen du». Sakearekin min handia egiten den frontoia dela esan zuen Ezkurdiak, eta hasiera batean urduri eta beldurtuta ere bazegoela. 16 tanto egin zituen Arbizukoak, horietatik 9 sakez: «Sakearekin aprobetxatu dut, belaunera jaurtiz, eta aurreratzen zenean ikusi egiten nion». Azken tantoa sakea zabalera botata egin zuen.



Jokin Altuna, ezker sorbaldako minez

Lekunberriko jaialdian, bigarren partidan, Lau eta Erdiko txapelketakoaren ondoren, Jokin Altuna zen jokatzekoa baina, ezker sorbaldan arazo batzuk dituela-eta, azkenean ez jokatzea erabaki zuen, kaiolako txapelketa lehenetsiz.

Artolaren aurka irabazi egin zuen ostiral gaueko partidan (22-15), bere etxean, Amezketan. Alegiarra 6-11 aurreratu zen, baina azkenean markagailua irauli eta lehenbiziko puntua eskuratu zuen amezketarrak.

Igandean jokatuko du bigarren partida, Peña II.aren aurka, Eibarko Astelena pilotalekuan. Tolosarrak azkenean sufritu egin bazuen ere, gogor jardun zuen Elordiren aurka, egungo Buruz Buruko txapeldunaren aurka, eta Amezketako aztiarekin neurtuko ditu indarrak, finalerdietarako txartela banatzen den norgehiagokan. Amezketarrak aste osoa dauka sorbalda sendatzeko.

Multzo honetan, lehen partidako bi galtzaileak, Artola eta Elordi, larunbatean lehiatuko dira, Tafallako jaialdian. Hauentzat ezinbestekoa izango da garaipena finalerdietarako aukerekin jarraitzeko.

Bestalde, A multzoko pilotariek emango diote hasiera bigarren jardunaldiari. Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria, biak garaipena ospatuta, Bilboko Deportivon lehiatuko dira. Salaberriak eta Jakak, bestalde, Altsasun bilatuko dute txapelketan bizirik jarraitzeko puntua. Biak 9 tantoan geratu ziren lehen partidan. A.U.A.