GARA Euskal Herriko egunkaria
AIZKORA

Nerea Arruti, Euskadiko txapeldun Elgoibarren

Nerea Arruti, atzoko finalean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nerea Arrutik erakustaldia emanda irabazi zuen, atzo, Elgoibarko Kalegoen Plazan jokatu zen Emakumeen Euskadiko Aizkora Txapelketa. Urnietako aizkolariak «presioaren eta urduritasunarengatik nahiko ezeroso» ekin ziola aitortu bazuen ere, hankapean erabili zituen beste bost aurkariak. Bigarren amaitu zuen Nerea Sorondo nafarrari ia lau minutuko aldea atera zion.

Aizkora munduan emakumeek orain arte sekula egin duten lanik luzeenari aurre egin behar izan zioten sei parte hartzaileek: 36 ontzako bi enbor, 45 ontzako beste bi eta baita bi kana erdiko ere. Seiek lan oso duina burutu zuten, bakoitzak bere mailan. Ezin eska dakieke maila bera Nerea Arruti txapeldunari, bosgarren amaitu zuen 51 urteko Maika Ariztegi iturendarrari edo 14 urte besterik ez dituen Malen Barrenetxea hernaniarrari. Nolanahi ere, Elgoibarren izan zen jendeak maila oneko kirol ikuskizunaz gozatu zuen. Aukeran, parekotasunik ezaren penatan geratu ziren ikusleak, baina aizkolarien maila aitzakiarik gabekoa izan zen.

HASIERAN ERORI

Lanak hasteaz bat, eta aurreneko enborra mozten ari zela, erori egin bazen ere, Nerea Arrutik lehiaketaren burua lehenengo unetik hartu zuen, eta aldea handitu besterik ez zuen egin.

Hiru aldiz Euskadiko txapeldun izandako Nerea Sorondo nafarrak bigarren postuari eutsi beste zereginik ez zuen izan. Berako aizkolaria zen, final honi ekin aurretik, txapela lortzeko beste faboritoa, baina Nerea Arrutiren mailaren aurrean burua makurtu behar izan zuen.

Hirugarren, berriz, Herediako Oihana Fernandez de Barrera aizkolari arabar gaztea izan zen, etorkizunera begira aintzat hartu beharrekoa dela erakutsiz. Laugarren Ane Zapirain, aizkoran hasiberria den astigartarra sailkatu zen, podiumetik lau minutura. Honen atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Maika Ariztegi eta Malen Barrenetxea, finaleko aizkolari beteranoa eta gazteena.