GARA Euskal Herriko egunkaria

Arxuriko lepoko parapente egitasmoa gelditu du Baztanek

Arxuriko lepoan parapentea bultzatzeko egitasmoa ez da egingo, Baztango Udalak dirulaguntzari uko egin baitzion atzoko batzarrean. Baztango Independenteak taldeak jarrera aldatu egin zuen eta egitasmoaren kontra bozkatu zuen.

Arxuriko lepoko ingurua. (GOOGLE MAPS)

Arxuriko lepoan egin nahi zuten parapentea bultzatzeko proiektua atzera bota du Baztango Udaleko osoko bilkurak. EH Bilduren eta Baztango Independenteen taldeko sei zinegotziak egitasmoaren kontra azaldu ziren atzo (talde bakoitzeko zinegotzi bana falta zen). Zurekin Baztan, UPN eta Geroa Bai taldeetako zinegotziek abstentziora jo zuten.

Baztango alkate Fernando Anbustegik GARAri baieztatu zionez, bozketa honekin bertan behera gelditzen da egitasmoa, Baztango Udalaren oniritzia beharrezkoa baitzen.

Izan ere, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan Geroa Baik 45.000 euroko dirulaguntza lortu zuen Arxuriko leporaino parapente eta delta hegalekin ibiltzen direnak errazago heltzeko bide bat egite aldera. Orain, Baztango Udalak dirulaguntza horri uko egin dio eta, horrenbestez, egitasmoa ez da burutuko.

ALDAKETA

Baztango Udaleko batzarrean lehenengo aldiz gai hau aurkeztu zen irailaren 28ko batzarrean. EH Bilduk egitasmo hau gelditzeko mozio aurkeztu zuen, eta beste talde guztiek aurka egin zuten, haiek proiektua babesten baitzuten. Ordutik hona, iritzia aldatu du Baztango Independenteak taldeak, egitasmoaren aurka azaldu diren Zugarramurdiko eta Sarako bizilagunekin bildu ondoren. Izan ere, duela bi aste babestu zuen egitasmoaren kontra egin zuen atzoko bozketan.

Saran eta Zugarramurdin haserrea piztu zuen egitasmo honek. Irungo enpresa pribatu baten mesedetan diru publikoa erabiltzeaz gain, ingurunean sortuko lituzkeen kalteak nabarmendu zituzten. Arxuriko lepoa «Disneyland Paris» bihurtuko zela salatu zuten agerraldi batean.

Baztango alkatetza duen EH Bilduk ez du inoiz begi onez ikusi egitasmo hau. Anbustegik duela aste pare bat nabarmentzen zuenez, «ezin da ulertu Baztan kanpotik etorri diren eta gure borondatearen gainetik inposatu diren egitasmoak salatzea, Aroztegia edo Erdiz bezala, baina Baztan albokoei parapentearena inposatzea». «Zorionez, afera amaitu da», esan zuen atzo.