GARA Euskal Herriko egunkaria

Osoko zuzenketen aurka bozkatuko du EH Bilduk, «eztabaidari atea ez ixteko»

Bihar EAEko Hezkuntza Lege berriaren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak bozkatuko dira, eta EH Bilduk ezezkoa emango diela iragarri zuen atzo, eztabaidaren atea irekita mantendu nahi duelako. Koalizioak «argitasuna eta gardentasuna» eskatu ditu fase erabakigarri honetan, eta hainbat ekimen iragarri ditu.

EH Bilduko parlamentari Ikoitz Arresek agerraldia egin zuen, atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

EAErako Hezkuntza Lege Berriaren eztabaidan aste garrantzitsua dugu hauxe, erabakigarria zenbait arlotan. Alde batetik, bihar lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak bozkatuko dira, eta, bestetik, EAJk eta PSEk hizkuntza ereduen gainean egindako zuzenketak hautsak harrotu dituen honetan, bi alderdiek, eta batez ere jeltzaleek, beren posizioa zein den zehaztu beharko dute.

Testuinguru honetan, EH Bilduko parlamentari Ikoitz Arresek agerraldia egin zuen atzo, Donostian, eta adierazi zuen fase honetan bi oinarrik gidatuko dutela koalizioaren jarduna: Hezkuntza Akordioarekiko fideltasuna eta bere militantziarekiko «transparentzia eta babesa», eta herri mailako perspektiba, «alderdi interesak alde batera utzita».

ZEROTIK HASTEA EDO EZTABAIDARI BIDE EMATEA

Biharko hitzorduari dagokionez, Arresek nabarmendu zuen orain arteko prozesua atzera botatzea eta zerotik hastea edo eztabaida parlamentarioari aukera ematea erabakiko dela, eta, ataka horretan, iragarri du EH Bilduk ezezkoa emango diela osoko zuzenketei. Hain zuzen, emendakin horiek «eztabaidari atea itxi nahi diotelako», eta talde independentistak, aldiz, eztabaida horri eutsi nahi diolako.

«Konpromiso bat dugulako Hezkuntza Akordioarekin, hezkuntza komunitatearekin eta lege ahalik onena egitearekin», adierazi zuen.

Edonola ere, eztabaidak «ahalik zintzoena eta gardenena» izan behar duela esanik, parlamentariak kritikatu egin zuen Lakuako Gobernua osatzen duten bi alderdiak, EAJ eta PSE alegia, oraindik ez direla gai izan «iritzi bateratu eta argi bat emateko».

Hori horrela izanda, eta eztabaidaren azken fase honek argitasuna ezinbestekoa duela iritzita, EH Bilduk galdera bana egingo die datorren ostiraleko osoko bilkuran Iñigo Urkulluri eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Azken hau Arresek berak interpelatuko du, eta lehendakariari Nerea Kortajarena koalizioaren eledunak egingo dio galdera.

TRESNA DIGITAL BERRIA ETA JARDUNALDIAK LARUNBATEAN

Gardentasunaren helburu horri eutsi nahian, Arresek azaldu zuen EH Bilduk tresna berri bat martxan jarri duela, eztabaida hasi zenetik gaur arte hartu dituzten erabakiak eta egin dituzten hausnarketak mundu guztiaren aurrean ezagutarazteko.

Tresna digital horretan -hezkuntza.ehbildu.eus- ikusgai izango dira, alde batetik, barne mailan eta bilkideekin egindako eztabaidak eta hausnarketak, eta, baita ere, denbora honetan guztian gai honi buruz EH Bilduren ordezkariek egindako adierazpen publikoak, erreportajeak eta elkarrizketak.

Honekin batera, Ganberan egindako urratsak timeline horretan egongo dira, edonorentzat eskuragarri.

Bestetik, eta EAJk eta PSEk elkarrekin aurkeztutako zuzenketak hizkuntza ereduen auzia denon hizpide bilakatu duela ikusita, EH Bilduk zehazki gai hau jorratuko duten jardunaldiak antolatu ditu datorren larunbatean, Bilbon.

Arresek prentsaurrekoan azaldu zuen hizkuntzen auziaren ikuspegi juridikoa eta pedagogikoa jorratuko duten hainbat aditu izango direla egun horretan Bizkaia Aretoan. Hain zuzen ere, Iñigo Urrutia, EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea; Karmele Perez, HUEZIko Berrikuntza eta esku-hartzea gizarte kulturanitz eta eleanitzetan taldeko kidea; Eva Silvan, Silvan&Miracle aholkularitza enpresako zuzendaria; eta Joseba Ibarretxe, Berritzegune Nagusiko hizkuntza aholkularia.

Horrez gainera, EH Bilduren programa zuzendari Pello Otxandianok agerraldi publikoa egingo du koalizioak gai honen inguruan duen jarrera azaltzeko.