GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA-PUNTA

Ikusmin handia eragin duen III. Winter Seriesak zazpi puntista berri izango ditu

Urriaren 30ean hasi eta otsailaren 18an amaituko da. Zortzi bikotek parte hartuko dute eta jardunaldia egongo da Gabon zaharrean. Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango da.

Aurtengo Winter Series-ean parte hartuko duten puntistak, atzo, Gernika-Lumon. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bueltan dira astelehenetako zesta-punta jaialdiak. Eusko Label Winter Series-aren 3. edizioa aurkeztu zuten atzo, Gernika-Lumon. Txapelketa dagoeneko Jai Alai League-ren barruan txertatuta dago eta ikusmin handia eragin du aurtengo edizioak, «Euskal Herri osoko 1.000 zalek baino gehiagok bazkide izatea erabaki» baitute, antolatzaileek jakitera eman zutenez.

Gauzak hala, Winter Seriesa jardunaldiz jardunaldi milaka pertsonak ikusiko dute, bai Gernikako pilotalekuan bertan, bai telebistaz (astelehenero ETB 1en) eta baita modu digitalean ere (Jai Alai League aplikazioaren bitartez).

Aurtengo edizioak, beste pizgarri batzuk izango ditu. Izan ere, nabarmentzeko modukoa da abenduaren 31n, Gabon zahar egunean, goizean, jardunaldia izango dela.

GOIKOREN AGURRA

Halaber, Iñaki Osa Goikoetxearen azken txapelketa izango da. Zumaiarrak eszenatokirik eta txapelketarik onenean esango dio agur zesta-puntari. Lekerikarekin jokatuko du bere agurrean eta bikote ona osatzen dute. Gernikan udako Grand Slama irabazitakoak dira duela bost urte. Orain berriz irabazi nahi dute, baina kasu honetan Winter Seriesean.

Bestalde, pilotarien ia erdiak (16tik 7) berriak dira, aurreko edizioarekin alderatuta: Laduche, Gorka, Goitia, Erik, Ibarluzea eta Pro Am-eko bi garaileak. Txapelketan bi multzotan banatutako zortzi bikote arituko dira Gernika-Lumon, urriaren 30etik aurrera. Zehaztuta dago zeintzuk izango diren zazpi bikoteak, eta zortzigarrena, alegia, azken bikote sailkatua, Zumaian ebatziko dute. Lauko final modukoa da; urriaren 19an eta hilaren 23an jokatuko dute (Arbe-Manzisidor/Lekerika-Salegi eta Cosme Aguirre-Bailo/Gonzalo Aguirre-Uranga), eta irabazlearentzako saria urriaren 30ean hastekoa den torneoan aritzea da. Final handia 2024ko otsailaren 18an jokatuko dute.

A multzoan ibiliko dira Goiko eta Unai Lekerika, Erik Mendizabal eta David Minvielle, Alex Goitia eta Thibault Basque eta Jean Olharan eta Julen del Rio. B multzoan, berriz, Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek osatuko dute bikoteetako bat, Erkiagak eta Ion Ibarluzeak beste bat, eta Ludovic Laduche-Gorka Sorozabal da hirugarren bikotea.

Guztira 16 jardunaldi jokatuko dira. Lehenengo hamabiak, ligaxkako partidei dagozkienak dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Finalerdiak kanporaketa erara jokatuko dira eta hortik aterako dira bi finalistak.