GARA Euskal Herriko egunkaria
DERBIA

«Jokatzeaz gain zerbait polita sortzen laguntzera etorri naiz»

Orain arteko ibilbidean «pertsona garrantzisuena» dela ikasi ondoren, Nahikari Garcia ilusionatuta eta «azken urteotan hainbeste sentitu ez dituen gauzak» berreskuratzeko gogoz heldu da Athleticera. Igandean Realaren kontra jokatuko du.

Nahikarik Lezaman hitz egin zuen atzo. (O. MATXIN-EDESA | FOKU)

Berez partida berezia bada, igandean Realaren kontra kamiseta zuri-gorriarekin jokatuko duen lehen derbiak sentimendu sakonak piztuko dizkio Nahikari Garciari.

Horrela onartu du Athleticera udan heldu zenetik eman duen lehen prentsaurrekoan. «Partida politak dira euskaldunontzat, jokalari zein zaleontzat. Denok disfrutatzeko eta euskal futbolaren maila erakusteko balio duen festa da. Eta niretzat oso berezia». Azken finean, «urte pila eman ditut Realean. Nire etxea sentitzen dut, han hasi nintzen, profesionala izateko aukera eman zidaten... Berotasun eta maitasun izugarria diot».

Realaren historiako jokalari garrantzitsuenetakoa izanda, bere irteerak hautsak harrotu zituen eta askok ere ez dute ondo hartu Athleticekin sinatzea orain. Jasotako mezuen artean «denetatik» egon dela aitortu du, baina batez ere «maitasun handia jaso» duela azpimarratu du. «Hori da errealitatea eta oso eskertuta nago. Gauza guztien gainetik pertsonak geratzen direla eta jendea zure ibilbide pertsonalagatik pozten dela ikusten duzu, daramazun ezkutua edozein dela ere. Mundu honetan bizi denak badaki ikusten bakoitzaren zoriontasuna bilatzen dela, pertsona garrantzitsuena dela. Noski, txantxak eta ‘bazileak’ ere jaso ditut, baina beti maitasunetik. Zorionekoa sentitzen naiz mundu guztiak maitasun eta errespetu handia didala sentitzen baitut».

Izan ere, hori da orain arteko ibilbidetik eta batez ere Real Madrilen izandako esperientzia gazi-gozotik atera duen hausnarketa handiena, «garrantzitsuena pertsona dela». «Futbola bizitzan lagundu zaitzaketen balioen sortzailea da eta, niretzat, gainontzeko guztiaren oinarria da hori», gaineratu du. Azaldu duenez, hori da ere «neurri batean Athleticera etortzeko ilusioa piztu» ziona. «Azken urteotan hainbeste sentitzen ez nituen gauza asko berreskuratu ahal izatea, pertsonak gertu egotea, daukazuna zaintzea… Horrek eramaten zaitu gauza onak lortzera; pertsonek talde baten barruan indibidualki beren onena emateak taldea indartzen du eta horretara nator». Hau da, «futbolean aritzeaz gain, kohesioan laguntzera eta aldagela barruan zerbait polita sortzen laguntzera ere iritsi naiz. Aurretik bizi izanaren zortea izan dut, gehien gozatu dudana da eta berriro gozatu nahiko nuke: denok sentitzea oso geurea eta oso polita sentitzen dugun gauza baten parte garela eta denon artean eraiki dugula».

Horregatik, ez du fitxaketa «estrategikoa» izatearen presioa nabaritzen, motibazioa baizik. «Oso eroso sentitzen naiz rol horretan. Kohesioa oso garrantzitsua da, batez ere hazkunde prozesuetan, eta arlo horretan nire esperientziarekin eta futbola ikusteko erarekin laguntzea ere gustatuko litzaidake. Badakit zertarako etorri naizen, jokatu eta golak sartzeko, baina zergatik ez eman proiektuari zelaitik kanpoko laguntza hori ere?».

Urnietarrak eman nahi duena hori da eta Lezaman topatu duena emakumezkoen futbolaren aldeko «apustu sendoa» eta talde «anbiziotsua» da. «Oso pozik nago topatu dudanarekin eta oso etorkizun polita dagoela uste dut. Prozesu guztietan bezala, denbora behar da, baina horretan gabiltza, urratsak ahalik eta azkarren emateko. Gogo eta lan handia ikusten dut». Klubari dagokionez, «etorri aurretik proiektuaren inguruan asko hitz egin» zuela azaldu du, «baina barrutik ikustea eta bizitzea beste gauza bat da. Oso atsegina da aurkitu dudan guztia: klubak eskaintzen dituen baliabideak eta jokalariek hazten jarraitzeko eta gauza garrantzitsuak lortzeko duten anbizioa».



Kopako kanporaketak zozketatu dituzte

Azaroko bigarren astean jokatuko den Kopako hirugarren kanporaketa zozketatu zen atzo. Eibarrek eta Osasunak lehian jarraitzen dute aurreko biak gainditu ondoren eta Athleticek eta Alavesek debuta egingo dute -Reala final-zortzirenetan zuzenean sartuko da-.

Denboraldiko lehen garaipena Granadaren kontra lortu ondoren, berriz haren kontra arituko da Athletic, baina oraingoan etxetik kanpo jokatuko du. Alavesek ere hegazkina hartu beharko du, maila bereko Cacereño bisitatzeko. Eibarrek, berriz, etxean jokatuko du. Hain zuzen ere, Ligako bigarren jardunaldian Ipuruatik hiru puntuak eraman zituen Levante Las Planas hartuko du. Eta Osasunak Taxoaren errepikatuko du, oraingoan Betisen aurka jokatzeko. A.U.L.