GARA Euskal Herriko egunkaria

Xabier Zeberiok bere ahotsa aurkitu du bakarkako lehenengo diskoan: «Pause»

“Pause” izena du Xabier Zeberio musikariaren bakarkako lehen diskoak. Bederatzi abestiz osatutako lana aurkeztu zuen atzo Donostian. Bere ahots propioaren bila ibili dela aitortu zuen, eta prozesuak garrantzi berezia izan duela.

Bakarkako aurreneko lana aurkeztu zuen Xabier Zeberiok, atzo, «Pause» diskoa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal musikagintzan izen ezaguna da Xabier Zeberio. Oskorri zein Alos Quartet taldeetan aritu zelako ezagutuko dute gehienek. Atzo goizean bakarkako bere aurreneko diskoa aurkeztu zuen Donostian: “Pause”. Bederatzi abestiz osatutako CDa da, horietatik bi doinu herrikoietan oinarrituak, “Maitia nun zira” eta “Agur Jaunak” doinuetan, hain zuzen ere. Donostian aurkeztu zuen bakarkako lan hau, eta bi kantu zuzenean entzutea oparitu zien bertaratutakoei, Iñar Sastre pianoan lagun zuela.

Aitor Etxeberria ekoizlearekin eskuz esku landu du, eta Forbiden Colours etxearen zigilupean plazaratu dute diskoa. Bakarka aurkezten duen lehenengo lana dela esan zuen aurkezpenean, «baina ez bakarrik», eta berekin izan dituen lagunei esker oneko hitzak eskaini zizkien: Iñar Sastre pianoan, Aitor Etxeberria pianoan eta soinu diseinuan, Liam Ó Maaonlai ahotsean eta arpa zeltan, Markel Zeberio biolontxeloan; eta Alos Quartet taldearen kolaborazioak ere jasotzen ditu plazaratu berri duen diskoak. Musikariei ezer idatzirik ez ziela eman kontatu zuen, berak buruan zuen ideia azaldu ziela eta bere ustez fokua zein zen adierazi; baina gehiegi sakondu gabe, «askeago» lan egin zezaten. Zeberioren iritziz, hobe funtzionatzen baitu musikariak horrela.

AHOTS PROPIOAREN BILAKETA

Bi urte baino gehiagoko prozesua izan da. Zeberiok prozesuari berari eman zion garrantzia: «Konfinamendu garaian hasi zen. Materiala sortzen hasi nintzen helburu zehatzik gabe, eta beste eremu batzuk arakatzera eraman ninduen horrek». Material dezente pilatuta, Etxeberria lagunari erakutsi zizkion «apunte» haiek, eta kontatu zuen hark bultzatu zuela forma eman eta zerbait egitera. Etxeberriak eskua «asko utzi» duela nabarmendu zuen Zeberiok, eta egun erabaki hori hartu izanaz asko pozten dela gehitu zuen. «Abesti gehiago zeuden grabatuta. Niretzat onenak ziren batzuk diskotik kanpo utzi ditu Aitorrek; baina konturatzen naiz, disko osoa entzuten baduzu, badagoela hari bat, eta ez dela tema solteekin egindako collage bat».

Bere ibilbidean disko hau mugarria izango duela ia ziurtzat jo zuen Zeberiok. Lan «intimista» bezala deskribatu zuen, eta «gauzen esentzien bila» ibili zirela kontatu. «Gauza sinpleetatik sentipen bereziak sortzea izan da erronka nagusia», eta horretarako lankidetza «ezinbestekoa» izan dela uste du; izan ere, musikariaren ustez, kontserbatoriotik edo musika klasikotik datozen musikariei asko kostatzen zaie «mamu batzuk uxatu eta askeago ibiltzea».

«Kendu eta kendu» ibili izanaren sentipena du Zeberiok, eta Etxeberriak kentzearen arrazoia azaldu zuen: «Melodia hain politak sortzen ditu Xabik, abesti batean zortzi abesti ikusi izan ditudala, eta melodia bati heldu behar genion». Bakarkako lan honetarako, bere ahots propioa bilatzen lagundu zion Etxeberriak: «Nire lana izan da Alos Quartet taldearen barrutik Xabi hartzea. Nire ustez, publikoak bere sonoritatea harrapatu behar zuen».

Bilaketa horretan gustura sentitu da musikaria ere: «Uste dut erakusten duela egun naizen musikaria. Barne bake handi bat sentitzen dut, nire buruarekin leiala izan naiz». Kontatu zuen ez dela izan publikoarengan pentsatuta egin duen lan bat; baina, hala ere, feedback ona jasotzen ari da.

ESTUDIOKO BIDAIA

Grabaketak ere ez zuen ohiko prozesua jarraitu, musikariaren arabera. Izan ere, kontatu zuen normalean konposizioak amaituta eramaten direla estudiora, sortuta, entseatuta eta grabatzeko prest izaten dituztela. Baina, kasu honetan ez zen horrela izan, eta estudioan urtebete baino gehiago igarotzeko «ohorea» izan zuela aitortu zuen. «Denboraz, mimoz egindako artisau lan zorrotza da», hala definitu zuen Zeberiok berak “Pause”, eta hori bideari zor zaiola esan zuen.

Estudioan urtebete igarotzeak, baina, egunero joaten zenik ez duela esan nahi azaldu zuen, baizik eta estudioko egunak «modu dilatatuan» erabili zituztela.

Etxeberriak aditzera eman zuen, beretzat Zeberiorekin lan egitea «bainuetxe batean egotearen parekoa» izan zela. «Estudioan gauzak gertatzen dira, eta horrek abestiak aldatzea dakar. Aukera hori izan dugu eta ederra da, betiere fokua argi baldin baduzu», zehaztu zuen.