GARA Euskal Herriko egunkaria

Hazparneko Gazte Eguna aurkeztu dute Xuti Gaztek eta Bagirak

Abenduaren 2an Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. Lapurdiko herritik bertatik Hazparne «gazte ezkertiar eta abertzaleon topaleku» bilakatzeko gonbidapena zabaldu zuten ekimenaren sustatzaile diren Xuti Gazte dinamikako eta Bagira ekimeneko ordezkariek.

Heldu den abenduaren 2an Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. (XUTI GAZTE!)

Hazparneko frontoian hitzordua eman zuten Xuti Gaztek eta Bagirak, azkeneko asteotan sare sozialen bidez zabaldu duten Gazte Eguna egiteko erabakiari buruz hainbat xehetasun emateko. Bi Aberri Egunen artean gauzatuko den mugimendu abertzalea eguneratzeko prozesuaren barruan kokatu zuten, hain zuzen, abenduaren 2an Hazparnen iraganen den ekimena, «gazteok ere horren parte izan nahi dugulako».

Hausnarketa eta transmisio fase baten ostean, Itsasuko Agiriaren 60. urtemugak markatu zuen Bagira dinamikaren barruan antolaturiko lehenengo ekitaldi handia. Bi eguneko herri topaketa horien ostean kontsulta fasea zabaldu zuen Bagirak.

MUGIMENDUA BIRFUNDATZEA

Beren burua ezkertiar eta abertzaletzat duten herritarrak aurrera begira nola antolatu Ipar Euskal Herriak dituen erronkak altxatzeko; hori izanen da, laburbildurik, iritzi-trukaketa horren helburu nagusia. Uztailaren hondarrean itxi zen galdeketan parte hartzeko epea. Orotara 1.500 lagunek erantzun zioten galdetegiari, Bagirak jakinarazi zuenez, eta jasotako ekarpenak aztertu ostean, emaitzaren berri emateko tenorea laster helduko dela iragarri du dinamikak aste honetan bertan bere sare sozialen bidez. Mugimendu abertzalea birfundatzea xede duen ibilbide partekatu horren barruan, abenduaren 2rako Hazparnen antolaturiko Gazte Egunak «zerumuga partekatu bat marrazteko unea» eskaintzen duela defendatu zuten hitzordua aurkezteko agerraldian parte hartu zuten ordezkariek.

Hala, adierazi zutenez, «hamarkada luzez belaunaldiz belaunaldi transmititu den mugimendu abertzalearen ondarea hartu eta gazteon artean zabalduko dugu, gure belaunaldia baita egungo eta etorkizuneko mugimendu abertzalea».

Gaur egun pizturik diren borrokek etorkizuna baldintzatuko dutela jakinik, «gaur egungo gazte borroka dela etorkizuneko Euskal Herri burujabera eramanen duena» nabarmendu zuten Gazte Egunaren antolatzaileek. Oroz gainetik, «gazte ezkertiar eta abertzaleok bildu eta elkarrekin bide bat egiteko» gonbidapena zabaldu zuten.