GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
AMAIUR SARRIEGI
Realeko jokalaria

«Zailena aldaketak egiten hastea da eta hori dagoeneko lortu dugu»

Zaila izan da azken urte eta erdia Amaiur Sarriegirentzat (Donostia, 2000), baina Realeko aurrelariak kontzientzia lasai izateak ematen dion indarrarekin eta ikuspuntu positiboarekin begiratzen dio gertatutakoari. Abiapuntu beretik ekiten dio etorkizunari, «fokua egunerokoan jarrita» beti hobetzeko asmoarekin eta fruituak ekarriko dituen uste osoarekin.

(A.U. LASAGABASTER)

Maiz entzun da Amaiurren izena eta gehienetan bere gogoz kontra. Zintzotasun eredua batzuentzat, «umemokoa», egoera ulertu nahi ez zutenentzat, lehen lerroan bizi, sufritu, du beste futbolariekin batera, Mundialetik kanpo utzi zuen Espainiako Federazioak emakumezkoekin izan duen jokabidea. Egindakoak merezi izan duela sinetsita, etorkizun hobe baterantz bidea ibiltzeko irrikaz dago. Gaur derbia jokatuko dute Athleticek eta Realak Lezaman (12.00).

Etorkizunaz hitz egin aurretik, iraganaz pixka bat. Berrienetik, Espainiako selekzioaren deia. Nola hartu duzu? Eta nola hartu zenuen aurrekoa? Hilabete baino ez da igaro bien artean, baina egoera oso desberdina da.

Oraingoa pozik, zerrendan egotea gauzak ondo egiten ari zaren seinale baita. Aurrekoa desberdina izan zen. Hasteko, ez nuelako espero, ez nekien zerrenda hartan egongo nintzenik eta arraroa izan zen. Dena. Aireportuan ginen, Granadatik bueltatzen, esan zuten zerrenda irtengo zela eta, bat-batean, nire izena azaldu zen. Ez nuen espero inondik inora. Oso egoera deserosoak izan ziren denontzat egun horietan.

Bilerak, abokatuak, komunikatuak, greba... Azkenaldian gehiago nekatu zarete zelaitik kanpo barruan baino. Ez da seinale ona.

Ez, ez da. Alde batetik, zerbaitek ez duela behar bezala funtzionatzen esan nahi du. Eta, bestetik, denbora eta indarra galtzen duzu, beste esparru batzuetan inbertitu beharko zenukeena. Zelaian, deskantsuan, prestakuntzan... garrantzitsuak diren gauzetan.

Behintzat zerbaitetarako balio izan duela dirudi. Inflexio puntu baten aurrean gaude?

Baietz uste dut. Munduko Txapelketan gertatu zenaren ondoriozkoa eta aurreko denboraldi osoan zehar gertatu ziren gauzen ondorioa ere bada. Gizarteak behar genuen babesa eman digu eta horren ondorioa ere izan da. Izan diren aldaketa drastiko eta garrantzitsuak ikusita, inflexio puntua izan daitekeelakoan nago.

Babesa aipatu duzu, baina ez da erabatekoa izan. Isilune gorgarriak izan dira.

Oraindik badago begiak zabaldu behar dituena. Baita ere gauzak ikusi ez dituena errazena hori delako askotan.

Askok ikusteko ere ezinbestekoa izan da Munduko Txapelketa irabaztea. Zein zaila den emakumeen ahotsari arreta eskaintzea egundoko zerbait lortzen ez badute.

Tristea da, baina horrela da. Emakumeok beti egin behar dugu askoz gehiago, gizartean gure lekua izateko, komunikabideetan, kirolean... Zerbait berezia egiten ez baduzu, ez dizute kasurik egiten, ez daukazu, kasu honetan, gure lankide gizonek daukaten oinarrizkoena ere.

Zuk ez zenuen garaipen horren alde lehiatzeko aukerarik ere izan, Munduko Txapelketatik kanpo utzi baitzintuzten. Merezi izan du?

Nire kasuan bai, azkenean gertatzen zena ikusi delako eta, gainera, borroka horren fruituak jasotzen ari naizelako. Ikusten dut epe labur eta ertainean beharrezko aldaketak gertatzen ari direla. Nire ustetan, hori da bidea. Zailena aldaketak egiten hastea da, hori dagoeneko gertatu da, eta aldaketen bide horretan pauso sendoak ematen etengabe jarraitzea. Egia da Munduko Txapelketarena beti hor buruan izango dudan zerbait dela, baina kontzientzia oso lasai dut eta argi daukat zergatik egin nuen dena. Eta uste dut azkenaldi honetan gertatu diren gauzek besteei erakutsi dietela jokalari batzuek zergatik ez genuen han egon nahi; ez genuen sinisten sisteman, lan egiteko forman, emakumearen papera nola ikusten zen sistema horretan.

Alde batetik eta bestetik, azken urte eta erdia zaila izan da zuretzat.

Dena da nola enfokatzen duzun. Jende askok esaten dit hori, ‘Munduko Txapelketa galdu duzu’, ‘aurreko denboraldia Realarekin’ ez dakit zer... Azkenean zure begiradaren arabera doa. Egia da, adibidez, iaz gure emaitzak ez zirela onak izan, baina nik aurrerapauso asko eman nituen esparru askotan futbolari bezala eta horrek hobekuntza bat ekartzen du etorriko diren gauzetarako. Nik hortik eusten diot. Ez da beti izango Championsaren urtea bezala, argi dago, eta jakin behar da ere gauzak ondo ez doazenean alde positiboa ikusten, hobekuntza bilatzen. Eta Munduko Txapelketarena antzekoa da. Egia da futbolistikoki gauza asko galtzen dituzula, baina beste ikuspuntu batetik begiratuta, lehen esan dizudana, sistema horretan ez banaiz ondo sentitzen... Eta ondorioak ere hor daude.

Ikuspuntu baikor horretatik abiatuta begiratuko diogu etorkizunari. Zein asmorekin ekin diozu denboraldiari?

Hobetzekoarekin. Fokua beti egunerokoan jarriz, hemen Zubietan egiten dugun lanean. Eta etorriko dena izango dena... horri kasu handirik ez eginez. Egunerokoak emango dizu gero etor daitekeen hori. Beraz, batez ere, egunerokoaz disfrutatuz, kontziente bainaiz amets bat bizitzen ari naizela. Ba horri eutsiz.

Eta taldearen asmoak?

Antzekoak. Esango nuke iaz faktore asko egon zirela despistatu gintuztenak talde bezala, presioa genuela aurreko urtetik... Fokua gugan jartzen saiatu behar gara, hemen lan egiten batez ere, gero asteburuan ahalik eta hobetoen egoteko eta, noski, aurreko urteko emaitzak hobetzen saiatu.

Denboraldi hasiera zaila izan da. Greba, hiru partida aste batean, aurkari gogorrak... Emaitzak alde batera utzita, zer sentsazio eman dizkizu taldeak?

Orokorrean, onak. Egia da hasieran kostatu zitzaigula. Granadako partida pena bat izan zen; egia da txartelak asko baldintzatu zuela partida. Baina ondoren hobeto egon gara, Levanteren eta Bartzelonaren kontra jokatuta ere puntu dezente ditugu. Eta taldea ondo ikusi dut eta, batez ere, hobetzeko gogoarekin eta hobetzeko egin behar duguna egiteko pausoak emateko gogoarekin.

Eta etxekoen protagonismoarekin. Bartzelonaren kontrako partida amaitu zuen taldean zortzi gipuzkoar zeundeten.

Bai, baina uste dut lortu behar dena ez dela noizbait edo batzuetan zortzi izatea, baizik eta zortzi horiek protagonismoa izatea, zortzi edo direnek, leku bat garrantzitsua izatea. Apustua egin, hemengo jendeak ere baduelako kalitatea eta grina hor egoteko; izan ere, ikusten ari gara harrobian konfiantza jarrita gauzak iristen direla.

Bihar derbia. Partida berezia? Hiru puntu lortzeko aukera ona? Gauza biak?

Beti esaten da derbia derbia dela eta badauka puntu hori. Baina, nire ustetan, zentratu behar gara gauzak ahalik eta ondoen egiten eta hiru puntuak ateratzen. Gero derbia beti izango da derbia eta Lezama beteta egongo da eta jendeak bultzatuko du, lagunak alde bietan... Baina fokua guregan jarri behar dugu, gauzak ahalik eta ondoen egitean, gainontzeko partidetan bezala.

Zer partida mota espero duzu? Athleticen estiloa aldatzen ari da aurten.

Bai, gure estilora, joko konbinatibo horretara hurbiltzen ari dira eta partida polita izango delakoan nago. Baina, batez ere, partida gogorra eta lehiatua izango da, non inork ez duen ezer oparituko.

Azken urte hauetan aurreko estatistika potoloei buelta ematen ari zarete. Faboritoa da Reala?

Nik uste dut partida gutxitan egoten dela faboritoa, are gutxiago derbi batean. Ez dago. Eta azkenean irabazten duenak ere ez dut uste erraz lortuko duenik.