GARA Euskal Herriko egunkaria

Begirada irekia


Mundu mailako txapelketa eta zirkuitu nagusiak antolatzen dituen WSL (World Surf League) erakunde pribatua eta munduko txapelketa ofizialak zein surf olinpiarrak antolatzen dituen ISA (International Surfing Association) erakundea «apolitikoak» dira. Alegia, une erabakigarrietan bakarrik posizionatzen dira, eta ustezko apolitiko eta hippy guztiak bezala, beti faxisten eta zapaltzaileen alde kokatzen dira. Adibidez, Ukrainako gerrarekin egin zuten surf zale orori zuzendutako idatzi bat argitaratuz, eta Israelekin egiten dute lurralde palestinarren okupazioa ontzat emanez edo Gazan gauzatzen ari den genozidioaren aurrean beste aldera begiratuz.

Bitxia da Europako QS itzulia osatzen duten txapelketen zerrenda ikustea. Portugalen egiten diren CS mailako txapelketez gain, Europako surf itzuli garrantzitsuena QS itzulia da, zeren lehen mailara igotzeko gainditu behar den maila da. Alta, udazkenean hasi eta udaberrian amaitzen den Europako QS itzulia osatzen duten txapelketen zerrenda ez da luzea. Besteak beste, Euskal Herrian, Portugalen, Ingalaterran, Frantzian eta Galizian egiten dira QS mailako txapelketak, baina azken urteetan beste bi herrialde ere atxiki ditu WSL erakundeak Europako QS zirkuitura, Israel eta Maroko. Bi herrialde hauek ez daude Europako nazioen zerrenda osatzen duten herrialdeen artean, baina WSLk inongo azalpenik eman gabe atxiki zituen Europako QS zirkuituan, «politikaz paso» egiten omen duten surf elkarte eta federazio nagusien oniritziarekin.

WSL erakundeak ez du argitzen «munduko erregioetako zirkuituak» osatzeko zein irizpide erabiltzen dituen, baina beharrik ere ez du, munduko surflari guztiak batzen dituen aberria bakarra baita: “dolar” izena du.

Marokon olatu bikainak daude eta bidaian joateko herrialde merkea da. Aitzitik, Israelen olatuak penagarriak dira eta bidaian joateko munduko leku garestienetakoa da. Bi herrialdeek duten antzekotasun bakanetakoa izan daiteke bietako batek ere ez duela Estatu demokratiko bat, baina hori WSLri bost axola zaio, Errusia bezalako estatuei soilik ezartzen baitie betoa. Baten olatuak eta bestearen dirua soilik interesatzen zaizkio erakunde «bakezaleari».

Antzinako printzesa bat zen “Europe” (grezieraz) eta bere izenak «begirada irekia» edo «aspektu zabala» esan nahi omen du. Hortik dator “Europa” izena, eta hori da Europa, irekia eta zabala, alegia moldagarria, baina beti batzuen kalterako eta besteen onerako. Sutan jartzen naute «irekiagoa izan behar da» dioten lagunak, WSL eta ISA erakundea bezala, une erabakigarrietan beti zapaltzaileen alde egiten dutelako, eta, batez ere, halakoek «irekiago» izateko eskatzen dizutenean, beraiek bezala ezer ez egiteko eta ez kexatzeko eskatzen ari zaizkizulako. Izan ere, «apolitiko» horiek gabe zailagoa litzateke, adibidez, egun Israel burutzen ari den genozidioa kalte-ordainik gabe burutzea. Kontrako ahots esanguratsurik gabe askoz ere errazagoa baita edozein astakeria egitea. Horixe da egunotan Israel eta Europako politikari zein hedabide nagusiak eskatzen ari zaizkiguna, isil-isilik beste aldera «zabal» begiratzea.