GARA Euskal Herriko egunkaria
MANIFESTAZIOA

Donostian, «turismoaren desazkundea» aldarrikapen

Turistifikazio masiboaren aurkako mobilizazioa egin zuten, atzo goizean, Donostian. Adin guztietako hiritarrak elkartu ziren «turismo desazkundea» martxan jartzeko eskatuz eta donostiarren bizi baldintzak errespetatzeko aldarrikatuz. Udalak hartutako neurriak kritikatu eta egindakoa herritarrak lasaitzeko «antzerki hutsa» dela salatu zuten.

Atzo kalera atera ziren donostiarrak, jasaten ari diren turismo masiboa salatzeko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Hirian turistifikazioa gelditzeko eskatzen dugu eta desazkunde turistikorantz bidea hartzeko. Uste dugu gehiegizko pisua hartu duela turismo jarduerak Donostian, eta bertako herritarren bizimodua kaltetzen ari dela»; horiek izan ziren Bizilagunekin eragileko kide Asier Basurtoren hitzak, atzo goizean Alderdi Ederretik abiatu eta Parte Zaharra zeharkatuz Kursaalean amaitu zen mobilizazioan. Eskakizun zehatz bat mahaigaineratu zuten: eztabaida ireki bat egitea desazkunde turistikoaren bidea hartuz, «murriztu ezean arazoak handitzen jarraituko duelako».

30 eragilek baino gehiagok egin zuten bat atzo goizeko mobilizazioarekin eta desazkunde turistikoaren aldeko zuen pankartaz gain, aldarri gehiago ere zabaldu ziren hiriburuko kaleetan barna. Batetik, etxebizitza eskubidea aldarrikatzen zuen pankarta, Kaleratzeak Stop taldearena, eta Culinary Center proiektua gaitzesten zuen beste bat, “Manteo eta Zemoria parkeak ez ikutu!” zioena.

Etxebizitzaren inguruko eskakizunek hartu zuten erdigunea, hala ere; “Zerbitzu gehiago, hotel gutxiago”, “Putre funtsak kanpora”, “Etxeak bizitzeko, ez negoziorako” eta “Hemen bizi nahi dugu” oihuak zabaldu ziren, esaterako, Donostiako kaleetan barrena. Basurtoren iritziz ere, etxebizitzaren arazoa da nabarmenena: «Milaka donostiar hiritik joatera behartuta sentitu dira, eta beste hamaika ondorio ere badaude: kulturalak, sozialak, ekonomikoak, ekologikoak… dagoeneko marra gorriak gainditu dira».

Udalak hartutako neurrien inguruan galdetuta, esan zuen «operazio kosmetiko» bat dela udala egiten ari dena, herritarren kezka eta haserrea baretzeko neurriak hartzen ari den irudia ematen ari dela, baina «ateak zabalik» uzten dituela pisu turistikoak hazten jarraitzeko eta turismo jarduera orokorra hazteko. Gaineratu zuen udala «turismo jasangarriaz» mintzo denean «antzerkia» egitean ari dela, tasa turistikoaren inguruan asko hitz egiten duten arren bildutako dirua zertara bideratu nahi duten ezkutatzen ari direla salatu zuten.

«BARRA LIBREA»

Parte Zaharreko kaleetan barrena egin zuten mobilizazioa, eta igande goiz eguzkitsuan bisita gidatuak egiten zebiltzan turista taldeen arreta piztea lortu zuten, baita, maletak eskuetan, salatutako pisu turistiko horietara zihoazenena ere. Kursaal paretik igarotzean “Turespaña, kanpora” oihukatu zuten manifestariek; izan ere, gaur abiatuko da Espainiako turismo enpresak batuko dituen topaketa bertan. Amaierako irakurketan nabarmendu zuten horrelako ekimenak Donostian egitea ez dela kasualitatea: «Azken urteetan turismoaren bitartez negozioak egiteko gune gisa nabarmendu da Donostia; turistifikazioari barra librea eman zaionez, hirira inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, oportunista, eta klase guztietako putreak erakarri ditu».

Ez Donostia, ez Euskal Herria ez daudela salgai aldarrikatu zuten mobilizazioan zehar, eta Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren pankartak ere aldarri hori bere egin zuen. Turismoaren eraginez beren hiriak azken urteetan jasandako aldaketak zerrendatu zituzten: «Hiri espazioak turismo negozioen baitan eraldatu dira, prezioen garestitzea, auzoak bisitaleku soil bihurtzea, naturaguneak atrakzio gisa erabiltzeko proiektuak bihurtu nahia, merkataritza txikia hilzorian egotea, ondare arkitektoniko eta kulturala arriskuan jartzea, euskara apaingarri huts bilakatzea, eta milaka donostiarren bizi proiektua bertan gauzatu ezinik kanpora alde egitera behartzea».

Udalak «deszentralizazioa eta desestazionalizazioa formula magiko gisa» saltzen dituela esan zuten, baina horrek «turismo masiboa» auzo guztietara eta urte osora zabaltzea ekarriko duela adierazi zuten. Neurri zehatzak hartzeko eskatu zuten amaierako ekitaldian: «Alokairuen prezioak mugatu behar dira, pisu turistiko gehiago jartzeko aukerak ezabatu eta egungoak murrizteko neurriak abiatu, espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitu behar da eta auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko politikak jarri behar dira martxan».

Herritarrei hitz egiten utzi eta adi entzuteko eskatu zieten erakunde publikoei, eta, hasieran aipatu bezala, desazkunde turistikora bidean trantsizioa adosteko eztabaida irekiak egitea, nahi duen herritar orok parte har dezan.